Asteburuari amaiera emateko, mendi irteera goizean eta 'Bideak' dokumentala arratsaldean

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 30a, 00:00

Goizuetako Arainburu Mendi Taldeak, mendi irteera antolatu du gaurko. Goizeko 09:30etan jarri dute hitzordua, herriko plazan. 

Igandea modu paregabean hasi eta amaituko dute goizuetarrek. Izan ere, gaur goizerako mendi irteera antolatu du Arainburu  mendi taldeak. Goizeko 09:30etan irtenen dira herriko plazatik, eta 2,5-3 ordu inguruko buelta eginen dute. 8,27 kilometro eginen dituzte guztira. 

Mendi irteerarako, hainbat baldintza ezarri dituzte antolatzaileek, eta honakoak dira: hiru talde egingo dira. Ibilaldian parte hartzeko nahitaezkoa zen izena ematea Elena estankoan, edo 677 632 395 zenbakira Whatsapp mezu bat bidaliz. Horrez gain, norberak bere jatekoa eta edatekoa eraman beharko duela ere azaldu dute. 

Segurtasun neurriak mantendu ezin diren bitartean, Arainburu mendi taldekoek jakinarazi dute musukoa eramatea nahitaezkoa dela. Eta gaineratu dute, antolatzaileak ez direla kargu egiten, gertatu daitezkeen ezbeharrez.

Arratsaldean, 'Bideak' dokumentala Ganbaran
Esan moduan, igande borobila izanen da gaurkoa Goizuetan. Goizeko mendi irteera egin ondoren, arratsalderako plana ere antolatu baitute. 
Aritz Ganboaren Bideak dokumentala proiektatuko dute gaur arratsaldeko 18:00etan, Goizuetako ganbaran. Gainera, protagonista bera, bertan egonen da. 

Artzain baten jatorritik abiatzen da Bideak dokumentala. Gazta bat soinean, nafar mendietan barrena korrika erronka batean murgiltzen da Aritz Ganboa artzaina, bere arbasoen herriak lotzeko: Sakanako Arruazu eta Erronkariko Izeba. Artzaintza ardatz hartuta, ibilbide horretan zehar hamaika ahots eta lekukotza jasotzen dira, guztiek helburu bera dute: landa eremua eta kultura balioan jartzea.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!