Egun osoko plana prestatu dute mendizaleentzat bihar, Goizuetan: mendi irteera eginen dute goizean, eta mendiarekin lotutako Bideak dokumentala eskainiko dute arratsaldean.
Alkainzuriainen antolatu du mendi buelta Arainburu Mendi Taldeak, goizeko 09:30etan herriko plazatik abiatuta. Ibilbide erraza osatuko dute, ia bederatzi kilometrokoa; eta bi ordu eta erdi edo hiru ordutan egitea aurreikusi dute. Parte hartzeko, hori bai, aldez aurretik eman behar da izena: Elena Estankoan, edo whatsappez 677 632 395 telefono zenbakian. Hiru taldetan banatuko dituzte partehartzaileak, eta musukoa eraman beharko dute, segurtasun neurriak mantentzerik ez dagoen momentuetan erabiltzeko. Gainera, norberak eraman beharko du bere jatekoa eta edatekoa, bidean hamaiketakoa egiteko.
'Bideak' dokumentalaren egilea ere, ganbaran
Arratsaldean, berriz, udaletxeko ganbaran jarri dute hitzordua, 18:00etan, Bideak dokumentala ikusteko. Doakoa izanen da, baina txartelak eskuratu behar dira aldez aurretik, Estankoan.
Gainera, ganbaran bertan egongo da dokumentalaren protagonista bera ere: Aritz Ganboa de Miguel, Arruazuko artzaina eta mendi korrikalaria.
2019ko urrian burutu zuen erronka bat da dokumentalaren muina: Arruazun (aitaren jaioterrian) gazta bat egin, eta korrika eraman zuen Isabara (amaren jaioterrira), Pirineoetan barrena, etapa bakar batean.
«Istorio bat kontatzera nator; baina istorio hau ez da nirea bakarrik, gurea da. Ondare bat, belaunaldiz belaunaldi lurraren eta artzaintzaren inguruan burutu diren jarduerekin lotutakoa. Askotan, bizi gara landa eremua eta urbanoa bi mundu bagina bezala, elkar behar ez dutenak. Erronka honek eman digu aukera elkarri begietara begiratu eta bidean elkartzeko», dio Aritz Ganboak.