12 urteko kartzela zigorra, bizilagunari tiro egiteagatik

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 30a, 00:00
Foruzaingoa Goizuetan, 2020ko apirilaren 9an, bizilagunaren atxiloketan.

Asteartean izan zen epaiketa. Akusatuak adierazi zuen ez zuela tiro egiteko asmorik izan; erasotuak, berriz, «hiltzeko asmoa» zuela esan zuen.

2020 urteko apirilaren 9an, konfinamenduaren erdian, ezustekoa izan zen Goizuetan. Izan ere, Foruzaingoak bizilagun bat atxilotu zuen beste herritar bati eskopetarekin tiro egiteagatik eta perdigoi kartutxo batez zauritzeagatik. Biktima, lepotik odola zeriola, ospitalera eraman zuten, baina bere egoera ez zen larria. Tiro egin zuen goizuetarra, berriz, auziperatua dago ordutik.  

Antza denez, bi bizilagunak lagunak izan ziren aurretik, baina hainbat liskar medio, lagunak izateari utzi zioten. Lau urteko tartean, biktimak akusatuaren 20 ardi hil omen zituela salatu zuen auzipetuak eta, horrez gain, tartean mehatxuak eta bizilekuaren bortxaketa ere izan zela adierazi zuen. Dena dela, biktima arrazoi horietako batean absolbitu egin zuten eta bestea, aldiz, oraindik ez dute epaitu.

Kontrako bertsioak, epaiketan

Joan den asteartean, hilaren 27an, izan zen gertaera argitzeko epaiketa. Delitugileak adierazi zuenez, beste bizilagunak «mehatxatu zuela» sentituta «airera» egin zuen tiro. Gainera, tirogileak esan zuen ez ziola buruan eman eta ez zela jabetu biktima zauritu zuenik ere.

Bere aldetik, erasotuak helarazi zuen tirogileak «ongi zekiela» tiro eman ziola: «zorabiatu nintzenean etxetik kanpo atera eta honakoa esan zidan: ni kartzelara joanen naiz eta zu hilerrira joanen zara». Horrekin batera, gertaera izan zen lekuaren ondoan dagoen hilkutxari keinu egin ziola ere esan zuen erasotuak. Laguntza eskatu zion bizilagunari ere halaxe esan omen zion biktimak: «burura bota dit hijoputa honek» eta «hiltzeko tiroa» izan zela.

Esanak esan, Nafarroako Au­zitegiko Lehen Sekzioak, aste­arteko epaiketa, 12 urteko kartzela-zigorra egotzi zion joan den urteko apirilean Goizuetako bizilagunari tiro egin zion gizonari.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!