Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko prebentzio programak eta berdintasun zerbitzuak, Zaintza pandemia garaian izeneko argazki lehiaketa jarri zuen martxan Goizueta eta Aranon urte amaieran. Bhutan proiektuaren barnean kokatzen zen ekimena izan zen lehiaketa.
Lehiaketan parte hartu zuten argazkiak erakusketa batean ikusgai daude, bihar arte, Goizuetako garbilekuan. Aranon, ordea, martxoaren 26tik 28ra, elkarteko arkupeetan ezarriko da erakusketa.
Argazkiekin batera, Xalto eskolako 3 eta 4 urtetako ikasleek egindako marrazkiak ere ikusgai daude, gaiarekin lotutako ipuin eta ariketa ezberdinen inguruan hausnarketa egin zutelako.
Lehiaketan guztira 17 argazki jaso ziren eta argazki irabazlea Itxaso Lujanbiok ateratakoa izan zen, Etorkizuna orain da argazkiarekin. Sari parte-hartzailea Garbiñe Etxegiak eraman zuen Zeruaren koloreak izenarekin. Bi irabazleek Elgorriagako bainu etxean gozatzeko bono bana eraman zuten.