«Aztarnari lanetan hasi nintzenean nire ikuspegia aldatu zen, uste nuena baino larriagoa da»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 13a, 00:00

Berbizne Narbarte goizuetarra, aztarnari lanetan.

Berbizne Narbarte goizuetarra aztarnari lanean hasi zen azaroaren 4an. «Positibo gehienek ez dakite non kutsatu diren. Garrantzi haundia du jakiteak azken bost egunetan non ibili den».

Urtebete pasa da konfinamendua hasi zenetik. Nola bizi izan duzu urtebete hau osasun langile zaren aldetik?

Egia esan konfinamendua bi modu ezberdinetara bizitu dut. Hasieran, lagunekin afariren bat izaten nuenean, tabernara kafe bat hartzera ateratzen nintzenean, Donostira erosketak egitera joaten nintzenean, lasaitasunez hartzen nuen. Uste dut, gehiengoak bezala, nire inguruko pertsonak kutsatzeko arriskua ez nuela ikusten.

Aztarnari bezala lanean hasi nintzenean, berriz, nire ikuspegia zeharo aldatu zen. Gogoan dut, lan honetan hasi nintzen lehen astean, nire lankideekin egon nintzela  lana egiteko modua ikasten, eta egin ikusten genituen kasuetan positibo eman zuten gehiengoek ez zekitela non kutsatu ziren. Gutxi gorabehera, hor hasi nintzen ikusten birus hau nik uste nuena baino larriagoa zela.

«Hamar eguneko isolamendua egin behar da eta zazpigarren egunean isolamendua ongi betetzen ari den galdetzen dugu»

 

Noiz hasi zinen aztarnari lanetan eta nolakoa da zuen lana?

Azaroaren 4an hasi nintzen.  Kasu positibo bat agertzen denean, berarekin kontaktuan jartzen gara. Hasteko, isolamenduko neurriak azaltzen ditugu eta, ondoren, berarekin kontaktuan egon diren pertsonak nortzuk diren galdetzen diogu.

Positibo eman duen pertsonak sintomak izan baditu, sintoma horiek hasi baino bi egun lehenago haiekin egon direnen kontaktuak hartzen ditugu. Beti ere, musukorik gabe, bi metroko distantzia baino gutxiago eta 15 minutu baino gehiago egon baldin bada. Sintomarik izan ez duen pertsona bada positibo eman duena, adibidez, beste norbaiten kontaktu estua, PCR proeba egin baino bi egun lehenago egon den pertsonen kontaktuak hartzen ditugu, aurreko irizpidea erabiliz.

Nahiz eta kontaktu estu bezala azken bi egunak hartu kontuan, guretzat berebiziko garrantzia du pertsona hori azken bost egunetan non ibili den jakiteak. Izan ere, garrantzitsua da kutsatze eremua jakitea; eta, horretan, galderak egiteak pista asko ematen ditu.

Ondoren, kontaktu guztiekin harremanetan jartzen gara, isolamenduko neurriak azaltzen dizkiegu, sintomarik izan duten edo ez galdetzen diegu, lehenengo PCR proba eskatzen diegu eta laneko baja behar duten edo ez galdetzen diegu. Sistemak berak, positiboaren eta kontaktu estuaren zazpigarren egunean hitzordu moduko bat sortzen du. Horrela, zazpigarren egunean, bigarren PCR probaren hitzordua emateko deitzen diegu. Zazpigarren eguneko dei horrekin, isolamendua ongi betetzen den galdetzen dugu, famili batean kontaktu asko daudenean zaila izaten baita isolamendua behar bezala egitea. Kontaktu horrek hamar egunetara beste PCR bat egingo luke.

Beste alde batetik, esan beharra dut, ni nagoen taldean beste betebehar bat ere badugula. Ni, orain, rastreo especial izeneko taldean nabil. Beste erkidego bateko positiboa denean eta positibo horrek kontaktu estuak Nafarroan dituenean, guri pasa ohi digute abisua eta gu jartzen gara kontaktuan Nafarroako kontaktu estuekin, jarraipena egiteko.

 

Protokoloak aldatu dira. Orain zer egin behar da positiboren edo negatiboren bat badago etxe batean? Zenbat denbora egon behar da konfinatuta?

Hasiera batean, 14 eguneko isolamendua zegoen zehaztuta. Gaur egun, Nafarroan 10 egun dira.

Etxe batean norbaitek positibo ematen badu norbaitek, positiboa den persona hori gela batean bakarrik isolatzea da lehen eginbeharra. Gure aholkua, positiboak otordu guztiak bere gelan egitea izan ohi da, bere komun propioa erabiltzea ahal bada eta ezinezkoa bada, berriz, erabiltzen den bakoitzean ura eta lixibaren nahasketarekin garbitzea; eta, noski, musukoa erabiltzea. Beste aldetik, arropa hainbat txandetan garbitzea gomendatzen dugu eta positiboa dagoen gelaren aireztapena eta etxe osoko aireztapena ere garrantzitsua dela uste dugu.

Zure etxeko norbaitek positibo ematen duenean, bere kontaktu estua zara eta ezin zara etxetik 10 egunez irten. Nafarroan, kontaktu estuei bi PCR proeba egin ohi zaizkie. Lehenengoa, positiboaren berri jakin eta berehala izan ohi da normalean; eta, bigarrena, berriz, positiboarekin egon zaren azken egunetik kontatzen hasi eta 10 egunetara. Hau da, positiboa bere gelan isolatu den egunetik 10 egunetara. Etxe berean, kontaktu estu bat baino gehiago baldin badaude, beraien artean neurriak hartzeko gomendioa ere egin ohi dugu. Izan ere, litekeena da denak oraindik kutsatuta ez egotea.

«Egoera hobetu da eta begi bistakoa da. Hala ere, oraindik ezin gara erlaxatu, izan ere, oraindik zer gertatuko den datozen asteetan»

Kasu bitxirik aurkitu al duzue? Jendeak betetzen al ditu neurriak?

Ez dut kasu bitxirik aurkitu, ez. Isolamenduari dagokionez, nire ustez jendea ahal den egokiena egiten saiatzen da. Hau da, emandako gomendioak betetzen. Egia da, oso egoera ezberdinak aurkitzen ditugula eta hainbat eta hainbat familiek ez dutela isolamendua zuzen egiteko aukerarik. Kasu horietan, egoera zehaztasunez aztertzen saiatzen gara eta irtenbide egoki bat bilatzen, denen artean.

 

Nola dago egoera urtebete eta gero?

Egoera hobetu da eta begi bistakoa da hori. Hala ere, oraindik ezin gara erlaxatu, izan ere, oraindik ez dakigu zer gertatuko den hurrengo asteetan.

 

Neurriak murriztaileak edo oraindik eta murriztailegoak izan behar al dira?

Neurriak egokiak direla uste dut. Egia da kutsaketak egunero ematen direla, baina ez dut uste neurriak gaizki daudelako direnik, baizik eta jendeak ez dituelako betetzen. 

 

Gogorra izan al da urtea? Eta zer une edo garai izan da bereziki gogorra?

Hasiera, batez ere, gogorra egin zitzaidan. Lan honetan hasi nintzenean ez nuen uste, telefonoaren beste aldean zegoen pertsonarekin horrela konektatuko nuenik. Ez dut bizitu egunero 700 kasu zeuden garaia, baina,izan ditut kasu gogorrak.

 

Nola ikusten dituzu datozen hilabeteak?

Oraindik eginbehar asko dagoela uste dut. Egia da txertaketa izango dela aurrerago klabea, baina uste dut jendea lasaitzeko arriskua ere ekar dezakeela. Hau dena amaitzeko, beharrezkoa da denok neurriak ondo betetzea eta arduraz jokatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!