«Oraintxe bukatu dut gutuna idazten, eta gutunazala ixten ari nintzen». Zeregin horretan harrapatu du Iñaki Etxeberria Aranaz goizuetarra, Kronikaren deiak, ostegun arratsaldean. Ez da nolanahiko gutuna, idatzi berri duena: Suitzako Urdorf herrira bidali du, globo bati lotuta jaso zutenari erantzunez.
Otsailaren 28an hasi zen dena. Iruñera zijoazen bost suhiltzaile boluntario (Ander, Xumar, Luis, Josu eta Iñaki bera), txertoa hartzera. Eta errepide bazterrean ikusi zuten heliozko globo berde bat, lurretik metro batera edo, ordurako lurrean pausatuta zegoen gutun bati lotuta. «Ez genion garrantziarik eman. Baten batek esan zuen txantxetan, txertoa ez hartzeko seinalea zela hori. Eta komentatu genuen, arraroa zela puxika hor egotea, despedidarik eta horrelakorik ezin baita egin orain». Baina ez zuten kotxea gelditu, eta bidean aurrera jarraitu zuten.
Txertoa hartzetik bueltan, ordea, toki berean jarraitzen zuen gutunak: «eta orduan bai, gelditu behar genuen begiratzera. Globoa hartu eta berehala lehertu zitzaigun, eta gutuna irakurri genuen. Alemanieraz zegoen, eta ez genuen ulertu, noski. Eta bertan koberturarik ez zegoenez, etxeraino itxaron behar izan genuen, gutunak zioena itzultzeko! Herrian badago Goizuetara ezkondutako suitzar bat, eta pentsatu genuen berak askatutakoa izanen zela akaso...».
Gutunean kontatu diote, Sonja Schetti eta bere familiari, Goizuetara iritsi dela gutuna, eta oso ezaguna izan dela. Eta herrira etorri nahi badute, ongietorriak izanen direla bertan.
Herrira iristean jakin zuten, ez zela horrela: Suitzako Urdorf herrian askatu zuten gutun hura, Goizuetatik 1.200 kilometrora; eta Bidali bueltan, mesedez zioen mezuak. Berehala piztu zitzaien zalantza: posible ote da Suitzatik Goizuetara iritsi izana? Sare sozialetan bota zuten galdera, eta baiezkoa izan zen erantzuna: «asteburuan izan ziren haizeekin, marra zuzen bat omen dago Suitzatik Euskal Herrira, eta badirudi posible dela».
Urdorf herriari buruz ere jakin nahi izan zuten gehiago, eta informazioa bilatu zuten interneten: «Goizueta baino haundiagoa da, baina hori ere ez da zaila! 9.000 biztanle pasatxo dauzka. Eta globoa askatu zutenen etxea nolakoa zen ere kotilleatu genuen, helbidea jarri baitzuten gutunean. Oso etxe arrunta da, egia esan», dio Iñakik.
«Goizuetaren berri eman, eta bi argazki bidali dizkiegu»
Goizuetan Urdorf herria ezagutu duten bezala, izango dute Goizuetaren berri, Urdorfen ere. «Gutunean, esan diegu asko poztu garela haien gutuna jaso izanaz. Kontatu diegu gutuna Goizuetara iritsi dela, eta azaldu diegu nolakoa den gure herria. Bi argazki ere bidali dizkiegu: herrikoa bat, eta etxean beraien gutunarekin gaudenekoa bestea. Bertara etorri nahi badute, ongietorriak izanen direla ere esan diegu, eta eskerrak eman dizkiegu, euskeraz. Gutunaren sarrera alemanieraz idatzi dut, eta testua, berriz, nire ingeles rudimentarioan!», dio Iñakik barrez. Eta gutunean kontatu die, baita ere, «oso ezaguna izan dela gutuna Euskal Herrian, eta telebistan, irratian eta prentsan hitz egin dutela horretaz».
Globoa aurkitu eta biharamunean bertan entzun zuen Iñakik irratian, horren berri: «nik sare sozialetan argitaratutakoa komentatu zuten; eta hortik ordu batzuetara deitu zidaten, galdezka, lanean ari nintzela». Ez zuen oso santu harrapatu deiak, gogoratu duenez: «txertoa jaso ondoren, gau txarra pasatu nuen, apenas egin nituen lo bi edo hiru ordu. Eta horrela jaso nuen sorpresa, globoaren kontua zabaltzen ari zela», kontatu du.
Goizuetan ere, berehala zabaldu zen: «denak etorri zitzaizkigun galdezka, non aurkitu genuen, zer jartzen zuen bertan... Hainbatek esan ziguten, beraiek ere ikusi zutela globoa, baina ez zirela gelditu».
Globoa inoren eskuetara iristea ere, ez zen kontu erraza, nora heldu zen ikusita: «kasualitatea da bide bazterrean geratu izana. Nahikoa zen 10 metro haruntzago erortzea, mendian ezkutatuta geratzeko. Gainera, erori zen tokia nahiko gordeta geratzen da, babestuta, eta haize askorik ere ez zebilen. Horregatik ez zen tokitik mugitu globoa».
Orain, Sonja Schettek eta bere familiak jasoko dituzte Iñakiren hitzak: «gutunak bidaltzea zer zen ahaztuta neukan, eta Suitzara iristeko zenbat zigilu jarri behar zaizkion ere... Badaezpada, hiru jarri dizkiot. Globo bati lotuta baino aukera gehiago izango du iristeko, behintzat!».
Erantzunaren esperoan geratuko dira orain. Beste gutun bat iritsiko da beharbada; edo, batek daki, bisitan izango da Schett familia, pandemiak baimentzen duenean. Baina bitartean, kontatzeko istorio bitxia bezain polita geratuko zaie, memorian gordeta.