Joan den larunbatean aurkeztu zuten Goizuetan, Burnizko potoa komikia. Jokin Mitxelena ilustratzaileak, Anton Mendizabal dokumentalistak eta
Antton Kazabon idazleak egin dute lana, eta Artikutzako trena dute hizpide. Aurkezpenean, goizuetarrak adi-adi mantendu zituzten beraien azalpenekin, aski interesgarria izan baitzen saioa. Ganbara bete zen, eta proiektore baten laguntzarekin, hiru autore oiartzuarrek komikiaren nondik norakoak azaldu zizkieten bertaratu ziren guztiei.
Artikutzako trenaren historian murgildu ziren goizuetarrak. Hain justu, horixe zen sortzaileen xedea: trenaren memoriaren trasmisioan beste pauso bat ematea. Mendizabalek, 2017an, Artikutzako trena liburua argitaratu zuen, eta horri segida emateko asmotan, marrazkien eta irudien bidez, liburu horretan kontatu ez ziren anekdotak, istorio txikiak eta bestelako kontakizunak azaldu dituzte komikian.
Lan haundia egin dute hiru autoreek, bi urte eman baitituzte aurkeztu berri duten liburua osatzeko dokumentazio lana egiten, marrazkiak sortzen eta testua idazten. Dena den, helarazi dute lan horren guztiak «merezi» izan duela, eta pozik agertu dira, argitalpenak «harrera ona» izan baitu.