Argazki zaharretatik marrazkietara salto, «hain harrigarria» izan zen Artikutzako trenak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 27a, 00:00

Artikutza auzoa eta trena, Jokin Mitxelenaren marrazkietako batean. Tren gainera igota, Joxantonio, istorioko protagonista.

'Burnizko potoa' komikia osatu dute Jokin Mitxelena ilustratzaileak, Anton Mendizabal dokumentalistak eta Antton Kazabon idazleak, Artikutzako trenean bidaia egiten duena. Goizuetan aurkeztuko dute komikia gaur, 18:30etan ganbaran, hiru oiartzuarrek.

Historian atzera eginen dute goi­­zuetarrek gaur, eta beste behin, Artikutzako tren zaharra hartu­ko dute horretarako. Baina oraingoan, trenaren arrastoen eta txuri-beltzeko argazki zaharren partez, marrazki koloretsuak izanen dituzte bidelagun.

Izan ere, Artikutzako trena oinarri hartuta, Burnizko potoa ko­mikia argitaratu dute Jokin Mitxelena ilustratzaileak, Anton Men­­di­­za­bal dokumentalistak eta An­tton Kaza­bon idazleak; eta Goi­zuetan egonen dira hiru oiar­tzu­arrak gaur, komikia aurkeztu eta trenaren histo­rian murgiltzeko. Udaletxeko gan­baran eskainiko dute hitzaldia, arratsaldeko 18:30etan.

Trenaren memoriaren trans­misioan beste pauso bat ematea izan da asmoa. 2017an, Artikutzako trena liburua argitaratu zuen Mendizabalek, Suberri Matelorekin batera. Hura ere aur­keztu zuten Goizuetan, eta herritarrekin bisita gidatua egin zuten, trenaren arrastoak ikusteko, Elama inguruan. «Baina beste era bateko kontakizun baten beharra ikusi genuen, irudian oinarritutakoa. Jokinekin hitz egin nuen, berak egin zituelako libururako marrazkiak ere, beste modu batera ezagutzera emateko hain harrigarria izan zen tren hura», azaldu du Anton Mendizabalek.
«Kontsultarako materiala zen Artikutzako trena liburua, baina horretatik kanpo geratu ziren istorio txikiak, anekdotak, pertsonaiak... Eta horiek erabilita, komikia egitea pentsatu genu­en», dio Jokin Mitxelenak.

Hori horrela, Antton Kazabon herrikidearengana jo zuten, komikiaren haria izanen zen istorioa osatzeko. Eta Berdabio eta Trabukoren bertso eta kontakizun ezagunak hartu zituen oinarri, istorioaren bertsio bat osatzeko. «Istorioa aitzakia zen, Artikutzako trena erakusteko. Mutil kozkor batek trenean egiten duen ibilbideko gorabeherak kontatzen ditu, eta bide batez, ezagutzera ematen ditu trenaren geltokiak, lokomotorak, txokoak...», azaldu du Kazabonek: «beraz, mutikoa trenean jarri behar nuen nolabait, Oiartzunera bidean, eta Berdabio eta Trabukorekin asmatu nuen horretarako arrazoia».

Artikutzatik Oiartzunera trenean, medikuaren bila

Goizarinen hasten da komikiaren istorioa. Kamio baserrian agertu da gizon bat odoletan, bularrean zauri haundi bat duena, aizkoraz egindakoa. Tratukotarra omen zen gizon hura, Berdafiyotarrekin istiluak izaten zituena. Komikian, hortaz, Trabuko eta Berdabioren partez, Tratuko eta Berdafiyo. «Orain dela 100 urteko gertaera bat bezala dago kontatuta, baina lehenagokoak dira Berdabio eta Trabukoren kontuak. Asmatu nezakeen beste istorio bat, mutikoa trenean jartzeko; baina hori bururatu zitzaidan», azaldu du Kazabonek.

Izenak izen, eta istiluak istilu, Joxantonio, 10 urteko mutikoa, Oiartzunera bidaliko du amak, medikuaren bila. Eta Artikutzako trena hartu beharko du horretarako. Joaneko eta bueltako bide luzean Joxantoniok bizitakoak kontatzen ditu komikiak; baina baita trenaren funtzionamendua eta igarotzen zituen txokoak deskribatu ere.

«Trena zen bezalakoa irudi­katzen du komikiak, guk dakigunaren arabera, behintzat. Plano inklinatuak nolakoak ziren, tunelak, tokiak, sistema...», dio Mendizabalek: «marrazkiekin oso zehatzak izan gara, eta ziren bezalaxe daude irudikatuta elementuak».

«Bertan azaltzen diren pertsonaiak, lekuak, teknikak, makinaria... daude oinarrituta edo inspiratuta, benetan izan ziren haietan», azaldu du Mitxelenak:  «elementu batzuk ondo dokumentatuta daude, argazki zaharrak badaudelako edo idatziz jaso delako. Baina beste batzuen kasuan, ez dago horrelakorik, eta ezta aztarnarik ere. Beraz, asmatu behar izan ditugu, ahalik eta modu plausibleenean eta erreserba batzuekin. Geneuzkan datu gutxiekin, benetan izan zitekeen modura irudikatu dugu; eta komikia izanik, li­zentzia poe­tiko batzuk hartu ditugu».

Ilustratzaileak azaldu duenez, klasikoak dira komikiaren beraren eta marrazkien maketa eta formatua: «nahiko linea garbiko marrazkiak dira, kolore planoekin, komikira egokituta».

Horrela dago Planoburu gaur egun, auzolanean txukundu eta bagoneta batzuk jarri ondoren...

...eta horrela irudikatu du Jokin Mitxelenak, Planoburuko gune berbera, komikiko marrazkietan.

«Ikerketa liburu bat da, baina adin tarte zabalago batentzat»
Marrazkien zehaztasun horrek, memoria transmititzeko helburuan dauka oinarria: «azken batean, ikerketa liburu bat da hau ere, baina beste modu batera kontatuta, adin tarte zabalago batentzat, berdin haurrentzat edo helduentzat; ulertu ahal izateko, nola zen posible Elamatik Errenteriara tren bat egotea», dio Mendizabalek.

Ez baitzen gauza arrunta, tren hura: meatzeetan erabilitako tren luzeena izan zen Iberiar penintsula osoan, 30 kilometroko ibilbidearekin. «Tren txikiagoak izaten ziren meatzeetakoak, eta burdinbidea estuagoa zuten. Eta horrelako tren batentzat, izugarrizko ibilbide korapilatsua zen, Artikutzakoak egiten zuena. Elamatik atera behar zuen, pixka bat jaitsi, eta ondoren Bianditzera igo, itsasora jaitsi ahal izateko», azaldu du dokumentalistak.

Izan ere, ez ziren ohiko­ak, Artikutzako trenak erabili zituen sistemak ere: «normalean, tunel haundi bat egiten zen, mendiaren azpitik, eta kitto. Baina kasu honetan, ez zen horrela izan. Lau tren ziren, eta batetik bestera pasatzen zituzten bagoiak, lauen artean ibilbidea osatzeko. Bagoiak Elaman kargatzen ziren, Errenteriara iristeko, baina gauza asko gertatzen ziren bidean. Lokomotora ezberdinak erabiltzen ziren, plano inklinatuetatik igo eta jaitsi... Plano inklinatuak ziren funikularrak bezalakoak. Oso gauza bitxia zen, baina aldi berean oso konplikatua, eta ulertzeko zaila. Eta horretan laguntzen du komiki honek. Begietatik sartzen zaizkigu gauzak, eta istorioak tiratzen badizu, jarraitu egiten duzu. Baina horrekin batera, trenari buruzko informazio bat ari zara barneratzen. Horregatik uste du­gu, memoriaren transmisiorako tresna interesgarria dela», nabarmendu du Mendizabalek.


Xelebrekeriak eta pasarte bitxiak, trenaren ibilbidean

Artikutzako trena eta bere funtzionamendua ez ezik, komiki­an islatuta dago garai hartako bizimodua ere. «Artikutzako trenari buruzko ikerketa egin genuenean, zorte ikaragarria izan genuen. Topatu genuen trenean ibili zen gizon bat, Juan Aranburu oiartzuarra. 104 urte zeuzkan, baina oso ondo zegoen, burua primeran zeukan. Eta gauza asko kontatu zizkigun trenari buruz, bai teknikoak, baina baita pasadizoak ere», azaldu du dokumentalistak.
Asko dira, komikira eraman litezkeen pasarteak, Artikutzako trenarekin lotutakoak. Eta horietako batzuk daude jasota Burnizko potoan: «adibidez, Goizarinen ondoko zerrategian, lan egiten zuten Zabaleta anaiek, bertsolariak biak. Haiek botatako bertso batzuk gordeta daude. Eta komikian, trena zerrategira iristen denean, lasai ederrean gelditzen da, bertsotan aritzen dira, eta berriro jartzen dira martxan. Horrelako xelebrekeria eta istorio bitxi asko dago Artikutzako trenaren inguruan», azaldu du Anton Mendizabalek.

Pasarte bitxi horien artean aipatu du Mendizabalek berak, beste hau ere: Artikutza auzoan zegoela eskola garai hartan, eta Elamakoak eta Goizaringoak ere joaten zirela bertara, Artikutzako trena hartuta. Meatzeetarako ez ezik, garraiobide gisa ere erabiltzen baitzuten ingurukoek.

Pertsonen garraiorako ere erabiltzen zuten Artikutzako trena. 

«Jendeak pentsatzen du Artikutzan beti izan dela dena basoa; baina duela 100 urte, izugarrizko mugimendua zegoen bertan»

Komikian ikusi daitezkeen txoko ugari, gaur egun ere ezagutu daitezke, bertan dauden aztarnekin. Horien artean dago, esaterako, Planoburu: «Goizuetako aldean, bazegoen plano inklinatu bat, nahiko garrantzitsua. Eta plano horren goikaldea, auzolanean txukuntzen ari gara. Jarri ditugu bagoneta batzuk, burni puxka bat... Eraikinaren aztarnak ere badaude. Eta sorpresaz hartzen du jendeak. Pentsatzen du Artikutza beti horrela izan dela, dena basoa. Baina duela 100 urte, izugarrizko mugimendua zegoen bertan. Meatzeetako  lanak, basogintza, ikazkintza... Horiek denak atera egin behar ziren itsasora, eta trena ibiltzen zen gora eta behera. Ezinbestekoa zen Artikutzako trena».

«Bi urteko lan luzea izan da, baina merezi izan du»

Zailtasunak zeuzkan hasieratik, Mendizabalen eta Mitxelenaren proposamenak. «Komikiak berez dauzka zailtasunak: marrazkilarien aldetik izugarrizko lana; argitaratzeko zailtasun haundiak, kostua izugarria delako; eta salmenta aldetik ere arrakasta izatea ez da erraza, berriro modan jarri diren arren. Prest egongo den argitaletxe bat topatzea zaila da. Baina agente lanetan jarri ginen, Donostiako Udalaren dirulaguntza lortu genuen, eta Denonartean argitaletxeak baiezkoa eman zigun. Unai Pascual editoreak duintasun haundiz tratatzen ditu liburuak, eta maketazio aldetik oso ondo zaintzen ditu», azaldu du Antton Kazabonek.

Pauso hori emanda, Anton Mendizabalen «dokumentazio eta gidaritzari esker», istorioa osatu zuten idazleak eta marrazkilariak: «lan potoloa izan du Jokinek, lau hilabete eta erdi behar izan ditu marrazkiak egiteko. Guztira, bi urteko lan luzea izan da, baina oso gustura geratu gara emaitzarekin, eta merezi izan du esfortzuak», dio Kazabonek.

«Gainera, dirudienez harrera ona izan du. Asko ari da saltzen, eta gomendatu ere egin dute he­dabideetan», gaineratu du Men­dizabalek. Datorren astean, Oiar­tzungo bi ikastetxeetan izan­go dira, komikia kontatzen.

Eta hurrengo pausoa? Marrazki bizidunetako pelikula bat proposatu du dokumentalistak: «komikiak eskatu egiten du horrelako pelikula bat. Oso polita izan daiteke. Komiki batean, kontu eta pasadizo batzuk aipatzen dira, baina pelikula batean gehiago sakondu daiteke horietan. Ea norbait agertzen den pelikula egiteko prest...».

Burnizko potoaren misterioa, istorioaren bukaeraraino

Komikia ez da trenaz ari, burnizko potoa aipatzen duenean, izenburuan bertan. Zauritutako Tratukotarrak darama burnizko poto hori lepotik zintzilik, ezertarako askatzen ez duela. Eta istorioaren bukaeraraino mantendu dute misterioa egileek. Azkeneko orrialdeetan argitu dute, berriro gogora ekarrita, Berdabio eta Trabukoren istorioa eta bertsoak. Bere bertsio propioa osatu du komikiak, baina ideia nagusi batekin: Artikutzako trenari marrazkiak jar­tzea, herritarren memorian gor­deta jarraitu dezan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!