Gizon bat hil da Goizuetan, autoarekin amildegira erori eta zuhaitza jota

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 26a, 11:39

81 urteko gizon bat hil zen atzo gauean, autoarekin izandako istripu batean. Bidetik atera, amildegira erori,  eta zuhaitz haundi bat jo zuen. Herritar batzuek aurkitu zuten.

Atzo goizaldean, berriz, beste gizon bat erreskatatu behar izan zuten Goizuetako suhiltzaile boluntarioek, Artikutzan kotxearekin bidetik atera eta errekara erorita.

81 urteko Goizuetako bizilagun bat hil zen atzo, Pagotxuri inguruko landa-bide batean izandako trafiko istripu batean, Foruzaingoak jakitera eman duenez. 20:55etan, biktimaren semeak abixua eman zuen, desagertu egin zela, eta bilaketa-dispositibo bat jarri zuten martxan. Amildegi batean aurkitu zuten herritar batzuek, kotxearekin bidetik atera eta bertara erorita; eta zuhaitz haundi bat jota, hilda aurkitu zuten gizona.

Herritar talde batek aurkitu zuen kotxea, desagertutako pertsona barruan zela; eta bertara azaldu ziren Foruzaingoa, Goizuetako suhiltzaile boluntarioak eta Nafarroako Suhiltzaileak.


Artikutzan, beste auto bat errekara erorita

Atzo goizaldean, berriz, beste gizon bat erreskatatu behar izan zuten Goizuetako suhiltzaileek eta mediku-erizainek, 05:45ak aldera. Artikutzan, kotxearekin bidetik atera eta errekara erori zen. Gizona bertatik atera, eta ospitalera eraman zuten.

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!