Artzandik Nekuko zubira, mendi irteera larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 23a, 15:04
Nekuko zubira joanen dira goizuetarrak, larunbatean.

Hitzordua jarri du Arainburu Mendi Taldeak, goizeko 09:30etan. Parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, ostegunera arte, Estankoan. 36 lagunentzat izanen da tokia, gehienez ere.

Mendi irteera antolatu du Arainburu Mendi Taldeak, larunbat honetarako. Goizeko 09:30etan elkartuko dira, Artzanen, eta bertatik abiatuko dira, Nekuko zubira bidean. Guztira, 8,2 kilometroko ibilbide erraza osatuko dute, eta bi ordu edo bi ordu eta erdiko iraupena kalkulatu dute.

12 laguneko taldeak osatuko dituzte ibilbidea egiteko, eta talde bakoitzak gida bana izanen du. Hiru gida egonen dira, eta beraz, gehienez ere 36 lagunentzat izanen da tokia. Hori horrela, parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, Goizuetako Estankoan. Ostegunera arte dago epea, horretarako.

Egoera zein den ikusita, deialdia soilik herritarrei zabaltzea erabaki dute, eta bakoitzak eraman beharko du bere hamaiketakoa. Gainera, musukoa ere eraman beharko da, segurtasun neurriak mantendu ezin diren momentuetan erabiltzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!