Suhiltzaile boluntarioentzat laguntza indartu du Nafarroako Gobernuak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 12a, 00:00
Unai Miranda alkatea (eskuinetik hirugarrena), beste sei udaletako eta Gobernuko ordezkariekin, Nafarroako Jauregian.

203.000 euro bideratuko ditu Goizuetako suhiltzaileentzat, Gobernuak eta Udalak hitzarmena berrituta, beste sei herritan bezala.

Lankidetza hitzarmena berritu du Goizuetako Udalak, Nafarroako Gobernuarekin, babes zibilaren eta larrialdien arretaren arloan, batez ere suteen prebentzio eta itzalketaren arloan, eta salbamendukoan. Horren arabera, Gobernuak indartu eginen du, Goizuetako suhiltzaile boluntarioei ematen dien laguntza ekonomikoa, eta 203.000 eurokoa izanen da orain. Horrekin batera, laguntza teknikoa eta prestakuntza espezifikoa ere emanen die suhiltzaileei.

Hala jakinarazi du Goizuetako Udalak, eta aditzera eman du, hitzarmenaren helburuetako bat dela «pertsonen eta ondasunen babes eta segurtasun maila haunditzea: era guztietako larrialdiak prebenitzeko ekintzak sustatzea, aurreikusi daitezkeen arriskuetarako gailuetan parte hartzea, eta baita suteak itzaltzeko eta hainbat gertakaritan salbatzeko ekintzak eta larrialdi egoerak arintzeko babes zibileko beste jarduketa batzuk ere».

Gainera, hitzarmenak bere barnean hartzen du, larrialdi egoeretan behar bezala esku hartzeko «beharrezkoak diren jarduketak adostea», Babes Zibilari eta Nafarroako Larrialdietako Laguntzari buruzko Foru Legearekin eta Nafarroako Larrialdietako Plan Orokorrarekin bat eginez.

Goizuetako Udalak ez ezik, suhiltzaile boluntarioak dituzten beste sei udalek ere sinatu zuten hitzarmena Nafarroako Gobernuarekin: Leitza, Bera, Le­saka, Agoitz, Luzaide eta Isaba. Nafarroako Jauregian egin zuten sinadura ekitaldia, asteazken goizean, eta bertan izan zi­ren Gobernuko eta udaletako                 or­dezkariak; tartean, Unai Miranda Goizuetako alkatea.

Udalak dira larrialdi egoera bati aurre egiteko oinarria eta aurreneko instantzia, herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa izanik. Eta zentzu horretan, babes zibilerako eskumena aitortzen die Foru Legeak, eta baita boluntarioek babes zibilerako ekimenak bideratu eta antolatzeko ardura ere. Horretarako sortu zituzten suhiltzaile boluntarioen tokiko elkarteak, hitzarmena sinatu duten zazpi udalerriek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!