Otsaila eta martxorako kultur agenda aurkeztu berri dute Goizuetako Udalak eta Kultur Taldeak; eta lau hitzordu izanen ditu datozen asteotan. Aurrenekoa, larunbat honetan bertan: Bertso musikatuak diskoa aurkeztuko dute Eli eta Manex Pagola ereñotzuarrek, udaletxeko ganbaran eskainiko duten emanaldian. Arratsaldeko 18:30etan izanen da, adin guztietako herritarrentzat.
Ereñotzun eta Hernanin saio bana eskaini ondoren, Goizuetara ere eramango dituzte beraien doinuak, Eliren bertsoei Manexek musika jarrita, larunbat arratsaldea alaitzeko.
Beste aurkezpen bat izanen da agendako bigarren hitzordua, otsailaren 27an. Kasu horretan, komiki bat da aurkeztuko dutena, Artikutzako trenaren historia kontatzen duena: Burnizko potoa. Bertan egonen dira komikiaren egileak: Jokin Mitxelena, Antton Kazabon eta Antton Mendizabal. Udaletxeko ganbaran eginen dute hori ere, arratsaldeko 18:30etan hasita.
Martxoaren 7an, berriz, helduei zuzendutako ipuin kontaketa saioa eskainiko du Amaia Elizagoienek, 18:00etan ganbaran. Lurdes Iriondoren Hego haizearen ipuinak kontatuko ditu, hain zuzen ere.
Eta bi hilabeteotako kultur agendari bukaera emateko, bakarrizketa umoretsua antolatu dute, martxoaren 27rako. Txikik eskainiko du: 40 urte eta aldapan behera niek/n. Udaletxeko ganbaran izanen da hori ere, arratsaldeko 18:30etan hasita, helduentzat. Horretarako, sarrera eskuratu beharko da aurretik: Goizuetako Estankoan jarriko dituzte salgai, 5 euroan, martxoaren 18tik aurrera.
KULTUR AGENDA
Otsaila eta martxoa
Otsailak 13, 'Bertso musikatuak' diskoaren aurkezpena, Eli eta Manex Pagolaren eskutik. 18:30etan, udaletxeko ganbaran.
Otsailak 27, 'Burnizko potoa' Artikutzako trenari buruzko komikiaren aurkezpena, Jokin Mitxelena, Antton Kazabon eta Antton Mendizabalen eskutik. 18:30etan, ganbaran.
Martxoak 7, 'Hego haizearen ipuinak', Lurdes Iriondorenak, Amaia Elizagoienen eskutik. Helduentzat. 18:00etan, ganbaran.
Martxoak 27, '40 urte eta aldapan behera niek/n' bakarrizketa umoretsua, Txikiren eskutik. Helduentzat. 18:30etan, ganbaran. Sarrerak Estankoan salgai (5 euro), martxoaren 18tik aurrera.