Urteroko zita seinalatuari uko egin behar izan diote aurten goizuetarrek, eta egun hauetan eman dute albiste txarra: bertan behera geratu dira aurtengo Inauteriak. Hala jakinarazi dute Mozorro Taldeak, Guraso Elkarteak eta Goizuetako Udalak.
COVID-19ak eragindako egoeraren aurrean, «pena haundiz» hartu behar izan dute erabakia. «Baina pandemia egoera honetan, neurriak errespetatzeko eta arriskuak ekiditeko erabakirik onena dela uste dugu», adierazi dute hiruek.
Hori horrela, joan den urteko Inauteriak gogoan dituztela geratuko dira goizuetarrak, datorren urtekoen esperoan. Horiek bai, ospatu ahal izateko esperantza daukate antolatzaileek: «espero dugu egoera hobetzea, eta Goizuetako Inauteriak berriro elkarrekin ospatzeko aukera izatea», adierazi dute.
2020an, hain justu, azkeneko ospakizunetako bat izan ziren Inauteriak, ohiko moduan behintzat. Horixe dute, festa giroaren azkeneko oroitzapena. Gutxienez, datorren urtera arte gorde beharko dute.