1959garren urtean jaio zen Patziku Perurena idazle goizuetarra, Aitasemegi auzoko bordari giroan jaioa hain zuzen. Gaur egun ordea, Leitzako Ama Zabal kalean bizi da, hamabi urte zituenetik.
Patziku idazlea da, eta aipatu du txikitatik datorkiola idazteko grina, «aita hiztun ona genuen, ni amaren aldera atera naiz» aipatuz.
Hamaika artikulu, iritzi eta kontu bitxiren artean, hona saiorik ezagunenak: Harripilatan ezkutatzen zeneko apo tipiaren burutazioak (1990), Koloreak euskal usarioan (1992), Euskarak sorgindutako numeroak (1993), Leitzako errege erreginak (1996), Trapuan pupua (2001), Harrizko pareta erdiurratuak (2004), Dakiguna ikasten (2007), Goizuetan bada gizon bat (2010), Goizuetako etxeen izenak (2011), Hilen xarma (2015), Goizuetako dokumentu zaharrak (1324-1918) (2017), Leitzalarreko Unaiak (1683-1771), Zezenak plazan, Goizuetan eta Leitzan (1578-2017)(2018), Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson (1427-1925) (2019).
Baditu bi erreferente edo eredu Patziku Perurenak, Joseba Sarrionandia eta Eduardo Gil. Azaldu du, biak aurrez ezagutzeko aukera izan zuela, «ezagutu nituenean, bietan sumatu nuen estilo arrunta eta erudizio haundikoa, eta elkarren osagarria dira gainera, bien literaturak baitu indar haundia». Hala ere, Patzikuk dio oso desberdinak direla, izan ere «gaua eta eguna bezalakoak dira, esanen nuke, Joseba ilargiaren sekretarioa dela eta Eduardo berriz, eguzkiarena».
«Gure inguruko bordak (baserriak) noiz eta nola egin ziren aztertu nuen eta sekulako ezustea eraman nuen. Nik uste baino berriagoak baitira baserriak»
Gaztetatik hasi zen Patziku burura zetorkion hori paperean idazten, nerabezaroan hain justu, bere lehen liburua idatzi baitzuen: Joannes d'Iraolaren poema bilduma (1985ean). Eta Patzikuk dio, nerabezaroko kontuak direla, «nik uste literaturaren munduan berdintsu sartzen garela gehiengoak. Inguruarekin errealitatearekin ezin konponduren batek eramaten gaituela idaztera, eta nirea ere halatsu izan zela, inguruarekiko krisi moduko bat izan nuen, eta idazten buruan neuzkan hainbat gauza, tintarekin paperera pasa nituen». Lehenengo liburuaren ostean etorri zen bigarrena: Emily, eta liburu honekin gainera, XII. Azkue saria jaso zuen goizuetarrak, ez dela gutxi, «bai, sariak aurrera jarraitzeko animo eta poza ematen dizu, eta noski dirua jasotzea beti dago ondo. Azkenean jan gabe ez baitago deusetan aritzerik, eta honetan, hau da literaturan, ere ez».
Batzuk, idazteko jaioak izaten dira, beste batzuk haien idazteko modua denborarekin hobetu eta aparteko liburuak argitaratzen dituzte. Idazle bakoitzak ditu idazteko gako eta teknikak, eta Patzikuren kasuan dio jostunarena egiten duela. «Beno egia esan, Internet sortu zenetik moztu eta josi gailendu zait niri ere. Bina funtsean hori da, argudio on eta atsegina osatzen duen zapia ehuntzea. Funtsean testu hitz bera ere, joste hitzetik baitator etimologikoki».
Patzikuk berak idatzitako liburuen artean, badu bat maiteagoa edo gehiago gustatzen zaiona: «oso gustura ez naiz bat bakarrarekin ere gelditu, baina pasamoduko batekin gelditzekotan, Goizuetan bada gizon bat (Trabukoren kantako misterioak) esango nuke. Izugarrizko poza hartu bainuen, atzenean, dokumentu morboso zahar hura, Iruineako Artxibo Haundian aurkitu nuenean».
Goizuetan bada gizon bat liburuan, Goizuetari eta bertan jazotako hainbat gauzei egiten die erreferentzia Patzikuk «dirua faltsutzen zuteneko burniola xaharra, Berdabio, Goizuetan dagoelako lurrez, eta salatu zuten hiltzailea ere goizuetarra zela».
'Goizuetan bada gizon bat' liburuko bi bertso
Goizuetako hiltzaileari buruzko pasarte hau azaltzeko, bi bertso azpimarratu ditu, Patzikuk:
Goizuetan bada gizon bat/ deitzen zaio 'Trabuko'. Hitzak ederrak bihotza faltso/ sekula ez zaio faltako. Egin dituen dilijentziak/ berari zaizio damuko.
Ongi ongi oroitu hadi/ zer egin huan Elaman Difuntu harek izandu balu/ jarraikilerik Lesakan.Orain baino lehen egonen hitzan/ ni orain nagoen atakan.
Joseph Etxagaray zen izen ofizialez 'Berdabio' diru faltsua egiten zuena, ziotena, eta Juan Fermin Aginaga berriz, 'Trabuko', lehendik hilketa Elamako burniolan egina zuena.
Leitzako borden jatorriari buruz, Patzikuren azken liburua
Duela gutxi atera berri du Patzikuk Leitzako borden jatorriari buruzko liburua, eta aipatu du bera bordaria izanik, baserritarra alegia, burura etorri zitzaion honen inguruko zerbait idatzi behar zuela, «gure inguruko bordak (baserriak) noiz eta nola eginak ziren aztertzean eta honetan ere sekulako ezustekoa eraman nuen, artzain kontuekin eraman nuen bezalaxe. Nik uste baino askoz berriagoak baitira gure baserriak, batez ere Goizueta eta Leitza alde honetakoak, baina baita Nafarroako mendialde gehientsukoak. Alde aldera, 1650-1750 bitartean eginak, burniaren krisia eta artoaren iraultza zela medio. Artzaintza eta arbibordak, berriz, gerozkoak hegemonian. Pentsa nolako konpiteak saldu dizkiguten».
«Konturatu gabe ere, idazle askok norbere buruaz idazten du, baita nahi ez duenak ere»
Patzikuk dio, poemagile bat, beti ari dela informazioa handik edo hemendik batzen, pilatzen eta hau lantzen «beti gu bezalakoak ari gara datuak jaso eta jaso» Hala ere, Patzikuk azaldu du, garai honetan «poesia sortze kontu metodikoa utzixea daukat atzenaldian».
Patzikuk egindako poemen artean, zaila izan zaio aukeratzea gustukoena, dio «denak txarrak iruditzen zaizkizuenean, zaila da aukeratzen zuk egindako poema bat, baina esatearren Negu minean esanen dut, Oskorrik musikatua, negu betean gaudela aprobetxatuz».
Idazle baten egunerokotasuna
Sortze lanetan dabilen orok daki, ez dela xamurra izaten, zerbait sortu nahi izatea eta ideiak ez edukitzea, eta horretan datza askotan sortzaile baten egunerokotasunak, egunero zerbait berria sortzean. Patzikuk dio, egunerokoa bizitzen duela, «nire gaurkoa bizi dut behinik behin eta makal samar nabil, nire gaitz neuromuskularrak eta beste hainbat arrazoi medio». Hala ere, ez du amore ematen, eta bururatzen zaizkion pasarte edo poemak, idazten jarraitzen du, makal bada ere.
Patzikuk argi dauka, idazle gehienek, nork bere buruaz idazten duela, konturatu gabe ere, idazle goizuetarrak dio «beti idazten du nork bere buruaz, baita nahi ez duelarik ere, edo hobe orduan eta nabariago, nahiz eta berak alderantziz uste izan. Baina hori literaturan eta eguneroko hizketan berdin-berdin gertatzen da».
«Zaila da aukeratzen zuk egindako poema gustukoena, baina esatearren, Negu minean esanen dut»
Patzikuk proiektuak dituenean eskuartean, orain arte moduan, hauek denbora luzez lantzen dituela aitortu du, «ni luzatzen diren horietakoa naiz, ideia bati heldu eta apasionatu egiten naiz, eta handik eta hemendik hobeki osatu nahian, luzatzen eta luzatzen joaten».
Proiektu asko eraman ditu Patzikuk, eta hauetan hainbat gertakizun jazo zaizkio. Horietako bat, ikerle batek deitu zionekoa da, «behin irakurle batek deitu zidan, eta hasi ginen hizketan, zer nahi zuen eta antzerako azalpenak eskatu nizkion. Aurreneko argudioa azaldu nion bezain laster esan zidan, uste dut beste Perurena batekin konfunditu zaitudala. Hor barrez hasi nintzen, eskerrak emanez agurtu ninduen, kortesia guztiarekin. Oso egoera xelebrea izan zen, eta beti oroitzen naiz momentu hartaz».
«Goizuetako musikaz edo folkloreaz, lana argitara»
Patzikuk, orain esku artean beste lan bat dauka, eta aipatu du aurrera begira, hau atera nahiko lukeela argitara, Goizuetako musikaz edo folklorea oinarri izanik. Azaldu du laguntza esker dabilela, «eskuartean dudan Goizuetako musika edo folkloreaz egin dudan lan honetarako laguntza eske nabil hara eta hona, ojala lehenago aterako balitz!. Izan ere, ez baitu ematen gauzak gero eta hobera joanen direnik liburuen mundutxo honetan.
Leitzako bordak, sorreran (1557-1965)
Patzikuk idatzitako liburu honek, Leitzako bordak (baserriak) noiz eta nola sortu ziren erakusten du. Gainera, orain arte inork aztertu gabeko hainbat datu aurkitu ditu Patzikuk, eta berebiziko balioa ematen die liburuari.
Trilogia moduko baten itxiera da Patzikuren Leitzako bordak liburua. Izan ere, iaz Pamielan argitara atera zen Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson eta 1996ko Leitzako errege erreginak liburuekin batera.
Hiru liburu hauek, elkarren osagarri dira, eta Patzikuk dio ezin direla banatu. Hiruretan dokumentuz hornituena dagoena, hauxe da, Leitzako bordak (baserriak) liburua hain justu. Bertan hamaika datu jasotzen baititu, Leitzako bordagintzaz.