Goizuetako Udalak jakinarazi du azken aldian herrigunean animaliak lotu gabe dabiltzala. Hori horrela, oroitarazi du, bando bidez, zakurrak lotuta edo jabearekin ibili behar dutela. Horrekin batera, betizuak herritik erretiratzeko dei egin du, izan ere, antza denez ilunabarretan herrian barrena ikusi dira abereak.
Aipatutakoez gain, «zakurren kakak bildu behar direla» esan du Goizuetako Udalaren bandoak, eta horretarako poltsak Udaletxean har daitezkeela adierazi du.
Ilunabarretan, betizuak herrian barrena
Zakurra lotuta eraman eta animalien kakak biltzeko deialdia egiteaz gain, Udalak aipatu du azken aldian ilunabarretan herrira jaisten direla betizuak. Horregatik, mezu argia helarazi die herritarrei, betizuak herritik eramateko: «abereen kontrola eta ardura abeltzain bakoitzarena da». Horrekin batera, azken egunetan izandako gertaera horiei konponbidea emateko asmotan, «herrian barrena ezin dutela libre ibili» gaineratu dute Udaleko arduradunek.