Ainhoa Zabaletak eta Maria Eskuderok lortu zuten garaipena igandean, goizuetarren arteko lehian

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 19a, 00:00
Ainhoa Zabaleta pilota jotzeko prest, beste hiru goizuetarrak adi-adi begira dituela. Argazkia: Umore Ona.

22-6 nagusitu ziren, Irati Arozena eta Mayi Zelarainen kontra. Profesionaletan, berriz, bolada onari eutsi zioten Aimar Olaizolak eta Iker Salaberriak, eta biek irabazi zuten hirugarren jardunaldiko partidua, Binakakoan.

Momentu gozoa bizi du esku pilotak Goizuetan, eta beste behin erakutsi dute, asteburu honetan. Batetik, Nafarroako Binakako Txapelketan egin zutelako debuta igandean, emakumezkoen bi bikotek: Ainhoa Zabaletak eta Maria Eskuderok; eta Irati Arozenak eta Mayi Zelarainek. Eta bestetik, gizonezkoen profesional mailan, hirugarren garaipena lortu zutelako Aimar Olaizolak eta Iker Salaberriak.
Goizuetan bertan jokatu zuten Nafarroako Txapelketakoa, gainera. Pena bakarra, herritarrek ezin izan zutela partiduaz gozatu, segurtasun neurriengatik ikuslerik ez zelako izan. Zabaleta eta Eskudero izan ziren nagusi, eta 22-6 gailendu zitzaizkien herrikideei. 
Partidu horrekin eman zioten hasiera, bigarren mailako binakako txapelketari. Haiekin batera ariko da hirugarren bikote bat: Alonso eta Vergara, Altsasuko Pilotajauku taldekoak. Haien kontra izanen dute partidua asteburu honetan, Arozenak eta Zelarainek; eta hurrengoan Zabaletak eta Eskuderok.

Garaipen erosoa Olaizolak, estuagoa Salaberriak
Profesionaletan, berriz, hirugarren jardunaldiko partidua zuten jokoan. Binakako Txapelketa Nagusian, garaipen erosoa lortu zuen Aimar Olaizolak, Beñat Rezustarekin, Mikel Urrutikoetxea eta Ander Imazen kontra (22-11). Markagailuak erakusten duena baino gogorragoa izan zen, dena den, 741 pilotakadarekin. «Lan asko egin behar izan dugu, tanto asko izan dira oso gogorrak, baina gure aldera erori dira. Pozik gaude egindako lanarekin, eta horrela jarraitu behar dugu», adierazi zuen goizuetarrak. Hirutik hiru irabazi dituzte.
Promozio mailakoan, berriz, hirugarren garaipena lortu zuen Iker Salaberriak ere, Oier Etxebarriarekin, Aitor Elordi eta Beñat Garmendiaren kontra (22-17).
Oso gogorra izan zen beraiena ere, 840 pilotakadarekin. Atzetik izan ziren partidu osoan zehar, ia bukaerara arte, baina berdintzea lortu zuten, eta gehiago asmatu zuten azkeneko tantoetan. Salaberriak berak, momentu erabakigarrian egin zituen tantorik ederrenak. Bederatzi tanto egin eta hiru galduta bukatu zuen. «Egun guztiak ez dira berdinak izaten, eta gaur ez naiz sentsazio onekin aritu; hankak ere motel nabaritu ditut. Baina lan asko egin dugu, eta akats gutxi. Hori izan da klabea», zioen goizuetarrak, partiduaren bukaeran.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!