Tabernen ordutegian aldaketak ezarriko ditu Nafarroako Gobernuak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 14a, 00:00

Arano eta Goizuetako tabernak ere gaueko 21:00etan itxi beharko dituzte, eta horrez gain, eremu publikoan ezingo da erre. 

Nafarroako itxiera perimetralak bere horretan jarraituko du, eta etxeratzea gaueko 23:00etatik goizeko 06:00etara bitarte arte mantenduko da. Baina tabernei dagokienez, aldaketak iragarri ditu Nafarroako Gobernuak: gaueko 21:00etan itxi beharko dituzte. Gainerakoan, terrazek irekita jarraituko dute, eta barruan bakarrik espazioaren %30 bete ahal izanen da, orain arte bezala. Lan munduari ere aholkatu diote, lantokietako sarrerak eta irteerak mailakatuak izan daitezela, «horrela garraioan jende pilaketak saihesteko». Neurriak datorren ostiralean sartuko dira indarrean eta urtarrilaren 28an berrikusiko dira.

Nafarroa, «arrisku altuan»

Lau alerta maila daude Nafarroan eta une honetan hirugarrenean dago egoera, hau da, «arrisku altuan». Azken egunetan kutsatzeek gora egin dute eta 200eko kopuruetara iritsi dira, atzo bertan 183 kasu (%7,5eko positibitatea) eta Javier Remirez gobernu bozemaileak azaldu du datu horiek onartezinak direla, eta hainbat neurri jarri dituzte egoeraren aurrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!