Esku pilota

Ezin hobeto ekin diote Salaberriak eta Olaizolak Binakakoari, aurreneko bi partiduak irabazita

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 12a, 00:00
Aimar Olaizola, Beñat Rezustarekin, Errege eguneko partiduan. Argazkia: Baiko

22-6 irabazi zuen bigarren jardunaldiko partidua Iker Salaberriak, Oier Etxeberriarekin, Dario eta Erostarberen kontra. Ostiralean jokatuko du hirugarrena, Amorebietan, eta larunbatean ariko da Aimar Olaizola, Rezustarekin, Bilbon.

Bi jardunaldi besterik ez dituzte jokatu oraindik, eta luze joko du Binakako Txapelketak, nagusian zein promozio mailakoan. Baina hasiera, primerakoa eman diote bi esku pilotari goizuetarrek, bakoitzak berean: jokatutako bi partiduak irabazi dituzte Iker Salaberriak eta Aimar Olaizolak, orain arte.

Txapelketa nagusian, Beñat Rezustarekin ari da Olaizola, eta Errege egunez jokatu zuen bigarren partidua, aurreko asteartean. Partidu gogorra izan zuten, Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuren kontra; baina azkeneko tantoetan gehiago asmatuta, garaipena lortu zuten Olaizolak eta Rezustak (22-19), bigarren puntua eskuratzeko.

Salaberriak, berriz, igande­an jokatu zuen bigarren jardu­naldiko partidua, promoziokoan. Eta bigarrenez, garaipen haundia lortu zuen, Oier Etxeberriarekin, Dario Gomez eta Xabier Erostarberen kontra (22-6). Aurrenekoan ere, tarte nabarmenarekin lortu zuten garaipena, Julen Egiguren eta Pedro Ruizen kontra (22-8); eta sailkapeneko buru daude.

 

Asteburu honetan, Amorebietan eta Bilbon zita

Sasoi puntu eder hori aprobetxatu, eta hirugarren garaipena lortzen saiatuko dira bi goizuetarrak, asteburu honetan ere. Ostiralean bertan izango du hirugarren jardunaldikoa Salaberriak, eta Amorebieta-Etxanon ariko da: Etxeberria lagun, Elordi eta Garmendia izanen ditu aurrez aurre. Gaueko 22:15etan hasiko da jaialdia, eta aurreneko partidua izango da berea. Aurrekoetan bezala, publikorik ez da izanen frontoian, baina partidua zuzenean ikusteko aukera izanen dute pilotazaleek, telebistan: ETB1ek emanen du ja­ialdi osoa.

Eta zuzenean ikusi ahal izanen dute, ETB1en hori ere, Aimar Olaizolak jokatuko duena. Larunbatean ariko da bera, txapelketako hirugarren jardunaldian, Bilboko Bizkaia frontoian. Goizuetarrak eta Rezustak, au­rrean izanen dituzte Mikel Urru­tikoetxea eta Ander Imaz. Arratsaldeko 17:30etan hasiko da ja­ialdia, eta bigarren partidua iza­nen da beraiena.

Urrutikoetxearekin aritu zen Olaizola, 2020ko Binakako Txapelketan, eta finalista izan ziren elkarrekin. Ordutik, aurreneko aldiz ariko dira elkarren kontra, Olaizola eta Urrutikoetxea.

Guztira, 14 jardunaldi jokatu beharko dituzte bikote guztiek, txapelketa nagusian zein promozio mailakoan, ligaxka fase honetan. Eta sei bikote onenak sailkatuko dira hurrengo fasera. Ligaxkako aurreneko biak semifinaletara sailkatuko dira zuzenean, eta hirugarrenetik sei­garrenera, elkarren kontra ari­ko dira final laurdenetan.

Txapelketa hasi besterik ez da egin, beraz; baina aurreneko puntuak oso garrantzitsuak izanen dira gerora. Konfiantza ere emanen diete garaipenek, bi goizuetarrei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!