Tripa nahiko beteta izan ohi dugu data hauetan, izan ere, Gabonetan, ohi baino gehixeago jateko ohitura izaten da. Hala ere, behin egunberriak amaituta, elikadura zaintzea gomendatzen dute hainbat adituk, barruak garbituz.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak dio, oso garrantzitsua dela lehen orduko otordua, hau da gosaria. Gainera, ikerketen arabera, 8 eta 12 urte bitarteko haurren %13ak ez du gosaltzeko ohiturarik.
Kikili Salda, «elikadurari garrantzia ematen»
Kikili Salda 2019ko otsailean osasun publikoko teknikari batzuekin Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko eskualdeko adin txikikoen obesitate maila altuaren inguruko datuak eta egoera partekatzeko egin zen bilera batetik sortutako lan taldea da.
Gainera, Kikili Saldak, adin txikikoen obesitate tasa murrizteko helburuarekin lan egiten duen egitasmo bat da. Aldi berean, elikadurari eta kirolari lotuta bizi osasuntsu nahiz ohiturak eskuratzen lagunduko lukeen kontzientzia pizteko xedea ere badauka. Iaz, «azukrearen gazi-gozoak» kanpainak izandako arrakastaren ondoren, aurten proiektuari jarraipena eman zaio, eta honen harira sortu dute Kikili Salda.
Aurten, Kikili Saldak, «lehenengo gosaldu, ondoren eguna dastatu» kanpaina jarri du abian. Kanpainaren helburu nagusia, «gosaltzearen eta batez ere osasungarri gosaltzearen onurez sentsibilitzatzea da». Izan ere, NUPeko IS FOOD institutuak egindako ikerketa baten arabera, 8 eta 12 urte bitarte kohaurren %13ak ez du gosaltzen, eta Kikili Saldak dio, datu hori oso kezkagarria dela.
Hori horrela, kanpaina egiteko beharra ikusi da, eta horretarako hainbat eta hainbat ekintza jarri ditu martxan.
Erleta eskola, Xalto eskola eta Nazabal eskolako Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiei gosaltzeko katiluak oparitu zaizkie, gosaltzearen garrantzia azpimarratuz. Gurasoen kasuan aldiz, adin txikikoen ohitura osasungarriak bultzatzeko eta haurren obesitatea murrizteko gakoen eskuorriak banatu zaizkie gutun batekin batera. Herri mailan, intereseko leku publiko eta kalean gosaltzearen onurak eta nola gosaldu adierazten dituzten kartel batzuk ere ezarri dituzte.
Kiliki Saldak, gogoratu nahi du «gosaltzeak metabolismoa aktibatu, arreta mantentzen lagundu eta poztasuna eta umorea mantentzen lagundu, energia gehiago izaten eta otordu orekatuagoak eta osasungarriagoak bideratzen ere laguntzen du».
Kanpainaz gain, ekintza gehiago
Kikili Saldak egindako kanpainaz gain, bestelako ekintza batzuk ere antolatu ditu, eta 2020garren urtean zehar eraman dira aurrera. Elikaduraren eta ohituren semaforo joko didaktikoa sortu du Haur Hezkuntzako geletan elikaduraren eta ekintzen inguruan hausnarketa bideratzeko.
Ordiziako D'elikatuz interpretazio zentrora bisita egin zuten martxoan Kikili Saldako kide batzuek.
Logo berria ere sortu da, Amazabal Institutuko ikasleek logo ezberdinak proposatu zituzten eta parte hartze bidez, Kiliki Saldaren logo bilakatu dena aukeratu zen.
Guzti honekin, Kikili saldako kideak elikaduraren inguruko hausnarketa egiteko gonbitea luzatu diete, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko herritarrei.
Ikerketen arabera, 8 eta 12 urte bitarteko haurren %13ak ez du gosaltzeko ohiturarik
Gosaltzeak dituen onurak, eta gosariak prestatzeko gomendioak
Modu osasungarrian gosaltzeak, bere alde onak ditu, metabolismoa aktibatzen du eta obesitatea jaisten du, bestek beste.
Onura ugari ditu modu osasungarrian gosaltzeak: metabolismoa aktibatzen du goizetik, arreta areagotu egiten da, poztasuna ere igo egin daiteke, umore ona eta energia gehiago izaten da ondo gosaltzean, eta noski otordu orekatuak eta osasuntsuak egitera bultatzen zaitu.
Obesitatea jaitsi egin daiteke, eta kolesterola ere. Bestelako arazo kardiobaskularretan ere hobekuntzak izan daitezke ondo gosalduz gero. Nekea gutxitu egiten da, pasibitatea alde batera uzten da eta antsietatea jaisteko ere oso baliagarria da eguneko lehenengo otordua ondo egitea.
Gosaldu bai, baina zer?
Mota askotako gosariak egin daitezke, eta Kiliki Saldak hainbat gomendio helarazi ditu. Lakteoak, hau da «esnea yogurt naturala azukrerik gabe edo gazta jan daiteke, beste hainbat elikagaiekin batera».
Karbono hidratoak ere sartu daitezke gosarian, «zereal edo ogi integrala» hain zuzen ere.
Frutarekin konplementatu daiteke goizeko otordua, freskotasuna emateko, «garaiko fruta» izatea gomendatu du Kiliki Salda taldeak.
Gaileta integralak, «etxean olo maluta edo platanoarekin egindakoak oso osasungarriak dira, eta eguna indarberrituta hasteko, apartak» izan ohi direla ere azaldu dute.
Bestelako hainbat elikagaiekin ere osatu daiteke gosari osasuntsu bat, hala nola, urdaiazpikoa edo indioilarra, arrautz egosia edo tortila moduan ere, fruitu lehorrak, haziak...
Gogoratu dute, denbora eskaini behar zaiola, gosariari.