Jon Larin, Axel Salaberria eta Egoitz Elizegi goizuetarrak sailkatu ziren, final haundietarako. Salaberriak lortu ez bazuen ere, Larinek eta Elizegik txapela irabazi zuten sein eta kadete mailan, hurrenez hurren. Semifinaletan Aranberri goizuetarrari irabazita, Larinek Larraungo Lekuona izan zuen aurrez aurre, eta 18-5 irabazi zuen partida. Bere aldetik, Elizegik 18-15 garaitu zuen Sotil, kadeteetan. Salaberria, aldiz, Aurrera taldeko Zabaletaren kontra aritu zen. Lehia biziko finala izan zen, bi pilotariek maila bikaina erakutsi zutelako frontonan. Hala ere, Zabaletak aurrea hartu zuen eta 14-18 itxi zen markagailua. Hiru partidak Goizuetan jokatu ziren larunbat goizean eta, horrekin, amaitutzat eman zuten Mendialdeko Buruz Buruko IIgarren Pilota Txapelketa.
Lankidetza hitzarmena sinatu dute hiru elkartek
Aurrera Elkarteak, Umore Onak eta Larraun Pilota Elkarteak Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten joan den larunbatean. Klubetako egoera hobetzeko asmotan eta esku pilotaren alde lanean jarraitzeko batu dira. Hain justu, azaldu dutenez, helburu nagusietako bat da «eskualdean pilota sustatzea eta babestea». Horrela, bada, elkarteek beraien gain hartu dituzten baldintzak eta konpromisoak helarazi eta jaso zituzten hitzarmen horretan.
Batetik, Mendialdeko elkartea (Aurrera, Umore Ona eta Larraun) elkarlanean arituko dira, esku pilotari bultzada ematen jarraitzeko; besteak beste egingo dituzte txapelketak, entrenamendu trukaketak, edota ahaleginduko dira kanpoko txapelketetarako pilotarien beharren arabera bikoteak osatzen. Bestetik, hitzarmenean jaso dutenez, elkarteen helburua izanen da «norberaren herriko eskolak indartzea eta horretarako ekimenak burutzea». Halaber, hirugarren klausulan zehaztu dute elkarte baten kaltetarako izanen den ekimenik ez dela eginen: «ekimen guztiak ekarren adostasunarekin eginen dira, horiek gainontzeko elkartetan eragina baldin badute».
Gainera, hitzarmeneko laugarren klausulan bildu zuten Federazioko gaietan (hauteskundeak, bilerak eta abar) elkar hartuta joanen direla, eta erabakiak elkarren artean adostuta hartuko dituztela. Eta, azkenik, erabaki zuten elkarte batek ez duela beste herri bateko pilotaririk hartuko. Hau da, pilotariak beraien herrian gelditzea bultzatuko da, «herrian elkartea dagoen bitartean». Hori horrela, erabakian parte hartu duten taldeek azpimarratu dute «pilotaria eta elkartearen arteko harrermana jarraiezina denean» soilik baimenduko dela beste herri bateko pilotaria hartzea; edo, bestela, «bi elkarteek erabakirik hoberena hori dela ikusten dutenan».