Auzolanean, herria egiten

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 28a, 00:00

Tifanitxoko gelak margotu dituzte.

Abenduaren 19an hainbat herritar elkartu ziren Tifanitxoko margotze lanak egitera.

Batzuk bertan lokalen bat izanen dutelako, beste batzuk ikusminagatik eta gehienak Tifanitxon esku bat botatzeko asmoz, margotze lanak aitzaki hartuta, hainbat lagun hurbildu ziren abenduaren 19an, larunbatean Tifanitxora. 


Lehen espazio haundiko geletan banatua zegoena, gaur egun antolaketa berria du eraikinak. Gaztetxeko tabernak esaterako, barra luzeagoa jartzeko aukera izanen du aurrerantzean, eta lehendabiziko solairuan lau gela sortu dira. Ganbaran, berriz, bi lokal eder eta txukun prestatu dira. 


Astez eragile desberdinetako herritarrak margotze lanekin hasi baziren ere, larunbat goizerako Udalak deitutako auzolana benetan arrakastatsua izan zen. 20 bat lagun, musikaz lagundututa, giro ederrean aritu ziren berritutako eraikinari kolorea ematen. 


Historia eta istorio askoren sehaska izandakoa da Iriartenea (hau da eraikinaren izen ofiziala) edo Tifanitxo eraikina, eta seguru hemendik aurrera ere herriari bizia emango dioten hainbat proiektu ikusiko dituela jaiotzen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!