Buruz Buruko finaletan gaur, Larin, Salaberria eta Elizegi

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 26a, 00:00

Kimuen mailako finala jokatuko du Axel Salaberriak, gaur goizean

Goizuetako frontoian bertan jokatuko dituzte hirurek, goizeko 11:00etan hasita, Mendialdeko Txapelketaren finalak.

Frontoian daukate hitzordua goi­zuetarrek, gaur goizean, esku pilota partiduekin. Ez baitira nolanahiko partiduak izanen, jokatuko dituztenak: Mendialdeko Buruz Buruko Txapelketaren finalak izanen dira jokoan, eta herriko hiru pilotari ariko dira horietan, gainera.

Goizeko 11:00etan hasiko da jaialdia, eta aurrena, Jon La­rin goizuetarrak jokatuko du, sein mailan, Larraungo Lekuonaren kontra. Segidan, kimuen mailako finala izanen du Axel Salaberriak, Aurrerako Zabaletaren kontra. Eta bukatzeko, Egoitz Elizegi ariko da, kadeteetan, Larraungo Sotilen kontra.

Beste zortzi final ere izanen ditu Mendialdeko Txapelketak, asteburu honetan bertan: Leitzan jokatuko dira lau, gaur bertan; eta Lekunberrin beste lau, bihar. Edozein kasutan, horietan ez da izanen goizuetarrik.

Iker Salaberriak partidua Bilbon, bihar arratsaldean

Profesional mailan ere izanen dute partidurik asteburu honetan, esku pilotari goizuetarrek. Izan ere, Bilbon jokatuko du Iker Salaberriak, bihar arratsaldean. 17:00etan hasiko da jaialdia, Bizkaia frontoian; eta hirugarren partidua izanen da berea: Garmendiarekin ariko da, Larra­za­bal eta Erasunen kontra. ETBk emanen du jaialdia, zuzenean.Jaialdi horretan jokatuko dute lau t'erdiko txapelketaren finala, Erik Jakak eta Jokin Altunak.

Aimar Olaizolak, berriz, atzo jokatu zuen Eibarren, Albisurekin, Irribarria eta Zabaletaren kontra. Laster jakinen du goizuetarrak, no­rekin ariko den Binakako Txapelketaren hurrengo edizioan: datorren astean aurkeztuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!