'Luze edo motz' emanaldi umoretsua, ganbaran

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 18a, 00:00

Gaur arratsaldean eskainiko dute, arratsaldeko 18:30etan hasita, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik.

Gaur jarriko diote errematea, Gabonak hasi aurretik, abendu­rako prestatutako kultur agendari. Eta egungo egoerak hala eskatzen duenez, umoretik joko dute horretarako: Luze edo motz emanaldi umoretsua eskainiko dute Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak, udaletxeko ganbaran, arratsaldeko 18:30etan.

Bertara sartzeko, hori bai, aforoa mugatua izanen da, eta aldez aurretik eskuratu behar ziren horretarako txartelak, Estankoan, 5 euroan. Aforoa bakarrik ez, gainerako prebentzio neurriak ere beteko dituzte emanaldian: distantziak, aireztapena eta gel hidroalkoholikoaren erabilera, besteak beste.

Ez dute aurreneko aldia izanen herrian, bi umoregileek. Izan ere, elkarrekin egin zuten bisita Goizuetara, joan den urtean ere, beste emanaldi batekin: Bakean dagoena bakean utzi. Publikoa gustura utzi zuten orduan, makina bat barre algara tarteko; eta emanaldiaz gozatzeko gogo berarekin bertaratuko dira herritarrak, gaur ere.

Oraingoan, euskera, generoa eta berdintasuna bezalako gaiei helduko diete biek, umore tonutik. Bost bakarrizketa josiko dituzte saioan zehar, beraien bizipenetatik eta egunerokotasunetik abiatuta sortutakoak. Izenburuaren esanahia ere azaldu dute, bi umoregileek: genero kontuetan gizartea motz geratzen dela askotan, eta aldaketak asko luzatzen direla sentitu ohi dutela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!