Tifanitxoko gelak margotzeko, auzolanera deitu dituzte goizuetarrak, datorren larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 13a, 00:00

Urte hasieran bukatu zituzten eraikina konpontzeko, eta azkeneko ukituak falta dira. Goizeko 09:00etan jarri dute hitzordua.

Urtearen aurreneko erdian bukatu zituen Goizuetako Udalak, Iriartenea edo Tifanitxo eraikina barrutik konpondu eta be­­rritzeko lanak; eta «azkeneko ukituen faltan» geratu zen, erabiltzen hasi ahal izateko. Falta ziren lan horietako batzuk, Udalak eginen ditu; baina beste batzuetarako, auzolana deituko zuela jakinarazi zuen, pandemiak ahalbidetzen zuenean.

Eta jarri du hitzordua, dagoeneko: datorren larunbatean elkartuko dira. Goizeko 09:00etan hasiko di­ra lanean, eta herritar guztiei lu­zatu diete gonbitea eta deia, bertaratu eta lanekin laguntzeko. Tifanitxo eraikineko gelak margotu eta txukuntzea izanen da egitekoa.

Bertan jarri duten komun publikoa, dagoeneko erabilgarri dago, azarotik; eta eraikineko lanak bukatutakoan, sei lokal izanen ditu erabilgarri eraikinak: lau aurreneko solairuan, eta beste bi bigarrenean. Lokal bana izanen dute Gazte Asanbladak, Ezker Abertzaleak, GoizuKoop kooperatibak eta Basauntz elkarteak; eta beste biak, izan daitezke ikastaro eta tailerretarako, hitzaldietarako...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!