Ezin izan zuen txapela jantzi Olaizolak, kontrarioen nagusitasunaren aurrean

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 9a, 00:00

Aukera gutxi izan zituen Aimar Olaizolak atzo, tantoak bukatzeko. Argazkia: Baiko Pilota

13-22 galdu zuen Binakako Txapelketaren finala goizuetarrak, Urrutikoetxearekin batera, Ezkurdia eta Martijaren kontra. Jokoan sartzeko aukera gutxi izan zuen, eta ez zuen ohi bezala asmatu. Pilotakada gogorra jaso zuen buruan.

Ezin izan zuen 16garren txapela jantzi atzokoan, Binakako Txapelketaren final haundian, Aimar Olaizola goizuetarrak. 13-22 galdu zuen Mikel Urrutikoetxea­re­kin batera, Joseba Ezkurdia eta Julen Martijaren kontra.

Sekulako mailan aritu ziren kontrarioak, eta tantoak bukatzeko oso aukera gutxi izan zituen goizuetarrak; baina izandakoak ere, ez zuen ohi bezala errematatzen asmatu.

Hasi, behintzat, ezin hobeto hasi zuen finala Olaizolak: sakea egin, eta Ezkurdiaren errestoa, gantxo ederrarekin errematatu zuen, aurreneko tantoa lortzeko. Ez zen partiduaren era­kusgarri izango, ordea. Hasiera nahiko berdindua izan zen arren, urdinak nagusitu ziren jokoan, gero eta gehiago, Urrutikoetxeari lanak emanez. Aukera apurrak aprobetxatu behar horretan, arriskatu eta huts dezente egin zituen goizuetarrak. Eta ondo errematatutakoak ere, Ezkurdiak jaso zituen, bata bestearen atzetik. Arbizuarra, gainera, sekulako mailan aritu zen erasoan, eta batzuetan eutsi zion arren, besteetan ezin izan zion erantzun Olaizolak.

Horrela, 7-7 berdinduta egotetik, 8-16 eta 9-18 atzetik izatera pasa ziren Olaizola eta Urrutikoetxea. Hori gutxi ez, eta sekulako pilotakada jaso zuen goizuetarrak buruan, 10-18 zirela. Minduta geratu zen, eta baita aldageletara joan ere, baina jarraitu ahal izan zuen jokoan. Orduan etorri zen gorrien tarte onena, eta baita Olaizolarena ere, zenbait dejada eta gantxo ederrekin, markagailuan pixka bat gerturatu (13-19) eta finala bizirik mantentzeko. Baina aukerarik ez zieten eman gorriek, eta errematea jarri zioten finalari, txapela janzteko. Hain justu, Olaizolak kontrakantxara kanpora jotako pilotakadarekin bukatu zen partidua.

Edonola ere, oso gogorra izan zen finala, eta horren erakusle da, 900 pilotakada jo zituztela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!