Pandemia dela eta bertan behera gelditu behar izan dira kultur ekitaldi asko. Edonola ere, egoera zertxobait hobetu dela ikusita, Goizuetan bi emanaldi hitzordu antolatu dituzte abendurako: dokumentala, etzi; eta umore emankizuna, berriz, abenduaren 18an. Etzi bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentala proiektatuko dute Ganbaran. Arratsaldeko 18:30etan izanen da, euskeraz, eta helduentzat dago bideratuta. Lander Garro da zuzendaria eta ordu eta erdiko iraupena du. Derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu zuten 6 lagunen istorioa kontatzen du eta sinopsiak berehala deitzen du irakurlearen arreta: Zergatik sakrifikatuko zenituzke zure bizitzako 2 urte eta 4 hilabete?
Umore emankizuna, abenduaren 18an
Antolatu duten bigarren kultur ekitaldia Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren umorezko emankizuna da, helduentzat. Hori ere Ganbaran izanen da, arratsaldeko 18:30etan. Emanaldi honekin gozatzeko aldez aurretik sarrera erostea beharrezkoa da; txartelak estankoan egonen dira salgai 5 euroan, abenduaren 10etik 17ra bitartean.