Esku pilota

«Ez nuen asmatu sakatzen, eta bera pasatzen zen dominatzera; hor egin zidan ihes partiduak»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 24a, 00:00
Salaberria ez da finalera sailkatu, finalerdian galdu eta gero.

Iker Salaberriak 22-15 galdu zuen Buruz Buruko promozio Txapelketaren finalerdia Aretaga II.a lasartearraren aurka. «Pena, fisikoki bajatu baino gehiago partidutik irten nintzen. Detaile txikiek erabakitzen dute mano-manoa».

Iker Salaberriak ezin izan du Buruz Buruko Promozio Txapelketaren finalera sartu, finalerdietan Arteagaren aurka 22-15 galdu eta gero. Ostiral gauean jokatu zen finalerdia Bergarako frontoian eta goizuetarrak agur esan behar izan zion finalari.

Partidua ongi hasi zuen Goizuetako aurrelari biziak. Alde haundiarekin ez bada ere, lehen tantoetan Salaberria aurretik joan zen uneoro partiduko lehen berdinketara iritsi arte (10-10). Hala ere, Arteaga II.a lehen atsedenaldirako aurretik zen, (12-11).

Hortik aurrera Arteaga II.ak gehiago gozatu zuen eskuinarekin eta apurka-apurka aldea zabaltzen joan zen bigarren atsedenaldira bost tantoko abantailarekin iritsiz (18-13). Azkenean garaipena (22-15) eta finalerako txartela Arteaga II.ak lortu zuen. Finala Elordiren aurka jokatuko du lasartearrak.

Iker Salaberriak triste amaitu zuen partidua. «Pena, nik uste ongi hasi nintzela baina ez nuen asmatu ongi sakatzen eta hor joan zitzaidan partidua».

Hasieran aurretik joan arren ezin izan zion eutsi abantailari. «Fisikoki bajatu baino gehiago partidutik irten nintzen. Ikusten nuen ez nintzela ari ongi sakatzen eta nahastu egin nintzen. Fisikoki ongi ikusten nintzen eta ongi  bukatu nuen, baina mano-manoan detaile txikiek erabakitzen dute partidua eta nik ez nuen asmatu sakatzen».

Arteagak 12 tanto egin zituen eta bost pelota huts egin. Iker Salaberriak berriz, ordu bete iraun zuen partiduan, 10na  hutsekin eta tantorekin amaitu zuen partidua. «Gutxiago galdu eta tanto gehiago egin zituen. Nik sakatzen nuenean bera hasten zen dominatzen eta buruz burukoan ez baduzu sakearekin asmatzen oso zaila da partidua irabaztea. Detaile txikiek erabakitzen dute garailea. Nik dominatu beharrean bera hasten zen dominatzen sakatzen nuenean». 

Hala ere etorkizunari begira txapelketaren balantzea ona dela dio Salaberriak. «Txapelketa ona egin dut. Nik esperotakoa baino maila hobea eman dut. Ez nuen uste honelako maila emango nuenik, hala ere finalerdia irabazi nezakeen, ez nintzen bera baino gutxiago. Ea datorren urtean hobetzen dudan».

«Orain lau t'erdikoa prestatzen hasiko naiz»

Etorkizunari begira ostiralean beltz ikusten zuena argitzen joan da. «Triste eta penarekin nengoen, baina orduak pasa ahala eta hotzean pentsatuta ongi aritu naiz eta balantzea ona da. Orain lau t'erdikoa prestatzen hasiko naiz».

Berez bere doaietarako egokiagoa da, baina hori ezin dela jakin dio Salaberriak. «Agian maila txarragoa emango dut. Ez dago jakiterik, ikusi egin beharko da. Presarik gabe joango naiz, eta ea zer ateratzen den...», au­rreratu du goizuetarrak.

Olaizolak binaka irabazi, larunbatean Bilbon

Larunbatean Bilboko frontoian, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxeak 22-17 irabazi zioten Iker Irribarria eta Martijari, binaka. Partidu ona jokatu zuen aurrelari goizuetarrak eta datorren abenduaren 8ko finalerako saio ezin hobea izan zuen bikote urdinak. Hurrengo astean ezagutuko dute aurkaria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!