Gogorra bezain polita izan zen ostiraleko partidua, Iker Salaberria Orbegozo esku pilotari goizuetarrarentzat. Debuta zuen promozio mailako buruz buruko txapelketan, eta Jon Apezetxea herrikidea botilero zuela, 22-18 menderatu zuen Jon Erasun zizurkildarra. Orain, Axier Arteaga lasartearra izango du aurrean, semifinaletan: ostiral honetan, gaueko 22:00etan, Bergaran. Zuzenean emango du ETB1ek.
Buruz burukoan egin zenuen debuta ostiralean, eta irabazi.
Bai, pozik nago. Nire aurreneko buruz burukoa da, ongi prestatu dudala uste dut, eta entrenamenduetan oso gustura sentitu naiz. Partiduetan, beti egoten da tentsio pixka bat. Prestatutako guztia, partidu bakarrera jokatzen duzu; eta gauzak gaizki ateraz gero, kanporatuta zoaz etxera. Zorionez, gauzak ondo atera zitzaizkidan, eta semifinaletara sailkatu naiz.
Partidu gogorra jokatu zenuten. Nolakoa izan zen?
Gogorra izan zen, bai. Abantaila hartu nuen nik, 12-4 eta 18-10. Baina badakigu Erasunek bukaerara arte jarraitzen duela borrokatzen. Nik beharbada kontzentrazioa galdu nuen pixka bat, eta 18na berdindu zuen. Orduan, tanto gogor bat nire alde erori zen, eta ondoren sakearekin min egin nion. Eta horrekin lortu nuen 22ra iristea.
Nola bizitu zenuen, zeneukan aldea galdu eta berak berdintzearena?
Nik 18garren tantoa egin nuenean, atseden luzeagoa izan genuen. Eta Jon Apezetxea botileroarekin komentatu nuen, ondo sakatu beharra neukala. Eta juxtu alderantziz gertatu zen. Buruz buru, sakeak garrantzia haundia dauka, eta besteak sakea hartzen badu, zuk min egin diozun bezala, berak ere egingo dizu agian. Eta halaxe egin zidan Erasunek, berdintzeraino.
18na berdinduta, eta gainera sakea berea... Urduritasuna sartu zitzaidan. Bera atzetik aurrera zetorren, eta ni, berriz, nerbioek heldu ninduten. Baina tira, neurean jarraitu nuen, 18nako tanto gogor hori nire alde ateratzea lortu nuen, eta sakearekin asmatu nuen gero. Eduki nuen galtzeko beldurra, momenturen batean. Baina azkenean aurrera egin, eta gustura bukatu nuen.
Nola ikusi zenuen zure jokoa?
Buruz buru aurreneko partidua izateko, nahiko ondo aritu nintzen. Txapelketa honetan, helburu jakinik ez daukat. Partiduz partidu joango naiz, eta aurrenekoa irabazi dut; beraz, oso gustura nago. Joko aldetik ondo ikusi nuen nire burua, txisparekin eta frontisaren altuera ondo aprobetxatuz. Errestoan ez nintzen aritu horren gustura, baina berak ere oso ondo sakatu zuen, eta meritu hori zor zaio.
Eta fisikoki, ondo eutsi zenion, hain partidu gogorra jokatuta?
Bai bai, fisikoki ondo bukatu nuen, eta hurrengo egunean ere, ez nengoen nekatuta. Uste dut ondo egin dudala prestaketa, fisikoa lantzen, eta hori nabaritu egiten da orain, buruz buru.
Aspaldi izango zinen buruz buru jokatu gabea...
Ba bai, urte eta erdi edo bi urte izango dira, azkenekoz jokatu nuela buruz buru. Entrenatu bai, baina partidurik ez dut jokatu aspaldi. Horrek zalantzak sortzen dizkizu, aurreneko partiduaren atarian; baina ongi hasi nintzen, eta hori ere oso garrantzitsua da.
Nola prestatu duzu txapelketa?
Ez genekien buruz burukoa noiz jokatuko zen, ezta jokatuko zen ere. Aurtengo urtea ez da erraza izaten ari inorentzat. Pandemiarekin eta Baikoko pilotarien grebarekin... Udara bukaeran hasi genuen buruz burukorako prestaketa, baina gero etorri zen Baikokoen greba. Partiduak jokatzen jarraitu dugu guk, binaka, eta azkeneko bi asteotan zentratu gara gehiago buruz burukoan, greba bukatzearekin batera. Prestatzailearekin hitz egin nuen, banekien fisikoki ondo iritsi behar nintzela txapelketara; eta hala izan da.
Gehiago kostatzen da buruz buru aritzea, binaka baino?
Dena da modalitatera egokitzea. Egia da binaka aritzen garela gehiago. Buruz buru zu bakarrik zaude, eta modalitate gogorragoa da, bai fisikoki eta bai buruaren aldetik. Baina entrenamenduak horretara bideratuta, eta pixkanaka gauzak hobetzen joanda, arazorik ez daukat horretara egokitzeko.
Axier Arteagaren kontra jokatuko duzu semifinala orain. Zein da aurreikuspena?
Partidu gogorra izango da. Lehendabiziko mailan aritutako aurrelaria da Arteaga, eta buruz buru txapeldun izandakoa. Ostiralean ere asko jokatu zuen, Zabalaren kontra. Faboritoa bera da, eta berak dauka esperientzia gehien. Nik ez daukat presiorik. Kantxara aterako naiz disfrutatzera, eta partidu ona jokatzera. Hortik aurrera, gauzak ondo atera eta irabazten badut, primeran; eta bestela ere oso pozik geratuko naiz, egindakoarekin.
Arteaga aurrelaria izanda, partidua ezberdina izango da, joan den ostiralekoaren aldean?
Bai. Agian airez gehiago jokatuko dugu biok, eta tantoak azkarrago bukatzen saiatuko gara. Laugarren koadrotik aurrerako jokoan sartuko garela uste dut. Erasunek, atzelaria izanda, ni atzean edukitzea bilatu zuen. Arteagaren kontra, ea sakearekin eta bigarren pilotakadarekin asmatzen dudan; eta hori egiten badut, uste dut aukera izango dudala irabazteko.
Urtebete egin duzu profesionaletan. Nolako urtea izan da?
Urte polita, ona eta, aldi berean, arraroa. Azaroan debuta egin, eta promozio mailako binakakoa jokatu nuen zuzenean; ongi jokatu nuen, gainera. Baina gero etorri zen konfinamendua, hiru hilabeteko geldialdia. Horretatik maila onean bueltatu nintzela uste dut, 12 partidutik bederatzi irabazita. Ikuslerik gabe ari gara jokatzen, eta oso arraroa da; baina horixe da errealitatea, eta egokitzea besterik ez daukagu.
Zein izan da urteko unerik onena zuretzat? Eta zailena?
Ostiraleko partidua aipatuko nuke onena. Erasunen kontra, banekien partidu gogorra izango zela. Presiorik gabe joan nintzen horretara ere, disfrutatzera, nahiz eta buruz buru askorik ezin den disfrutatu. Oso ondo atera ziren gauzak, eta momentu horrekin geratuko nintzateke.
Baina zailena ere, beharbada partidu horixe aipatuko nuke, gogortasunagatik. Profesionaletan buruz buru sekula jokatu gabea nintzen, eta ikusi nuen zein exijentzia maila dagoen. Beraz, bai momentu onena eta bai zailena, ostiraleko partidua aukeratuko nuke.
Nola ikusi zaitu enpresak, urtebete honetan?
Uste dut pozik daudela nirekin, ikusi dutela nire maila hobetzen ari dela. Partiduak jokatu ahala, maila hartzen joan naiz. Eskuinarekin pilotari altuera emateko garaian ondo sentitzen naiz, gantxoarekin ere gero eta hobeto, eta uste dut horrela jarraitu behar dudala, pixkanaka pixkanaka hobetzen.
Eta ni ere, oso gustura nago enpresarekin, ezin diet baina bakar bat ere jarri. Momentu guztietan lagundu didate, bai Jon Apezetxeak, bai Jokin Etxanizek, eta enpresako guztiek.
Jon Apezetxea herrikidea ondoan izateak, lagunduko dizu, ezta?
Txiki-txikitatik ezagutzen dut Jon; nire bizilaguna da, gainera. Eta konfiantza daukagu, elkarri esan beharrekoak esateko. Hori oso garrantzitsua da, botilero batekin. Jokin Etxanizen lana ere nabarmentzekoa da; lan asko egiten du, ezkutukoa, eta hitz onak merezi ditu denon aldetik.
Pandemiaren eragina aipatu duzu lehenago. Nola daramakizue zuek, hori?
Guretzat ez da polita, frontoiak hutsik egotea. Guri gustatzen zaiguna, eta kirolari bezala ere gehien transmititzen diguna, da frontoiak jendez beteta egotea. Horregatik da hain polita esku pilota, frontoiak betetzen direnean sortzen den giroagatik. Baina denbora pixka baterako horrela beharko du. Ea gauzak hobetzen diren eta berriro frontoiak beteta ikusten ditugun laster.
Baiko enpresako gatazka, beste aldean tokatu zaizu zuri. Nola bizitu duzu?
Bakoitzak izango zituen bere argudioak, bai enpresak eta bai pilotariek. Baina azkenerako, pixkanaka Aspekooi ere eragiten ari zitzaigun, eta konponbide bat behar zuen. Ezkurdiak eta Altunak sortutako pilotarien elkartearekin, eman ziren aurre - rapauso haundiak; eta beharrezkoa zen greba bukatzea. Kontua oso gaizki ari zen jartzen.