Giro ederra lagun, denek itxaron zuten txanda, zirkuituan sartu eta bertako ekoizleen postuak ikusteko

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 10a, 00:00
Salerosketarako gune izan ziren Goizuetako kaleak, igande goizean zehar, Mendialdeko Azokarekin.

Jende asko gerturatu zen Mendialdeko Azokara, igandean. Zirkuitua prestatu zuen antolakuntzak, segurtasunez gozatu ahal izateko azokaz.

Jatetxe eta tabernak itxita, eta norberaren herritik ezin urrundu, mendira edo paseoak ematera joateko aprobetxatu zuten atzoko eguraldi ederra gehienek, Hernanin eta Astigarragan. Goizuetan eta Aranon, ordea, bazuten plan berezirik: Mendialdeko Azoka paratu zuten Goizuetako kaleetan barna, eskualdeko nekazari eta artisauen postuekin, goizetik eguerdira.

Ez zen ohiko azoka izan igandekoa; herriko plaza edo frontoia hartzen duten horietakoa. Zirkuitua prestatu zuen antolakuntzak, eta herriko kaleetan sakabanatu zituzten postuak, pilaketak saihestu eta azokako sarrera-irteerak eta aforoa kontrolatu ahal izateko.Segurtasun neurri guztiak beteta, asko eta asko izan ziren azokara gerturatu zirenak, eta txanda itxaron zutenak, eskualdeko ekoizleen postuak ikusteko.

Denetik topatu zuten bertan: bitxiak, zapatak, eztiak, gaztak, mermeladak, joareak, behekiak, egur-lanak, barazkiak, ukendu­ak, pinturak, poltsoak...

Felix Loiarteren argazkietan ikusi daitezke, postu horiek guztiak, gaineko albumean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!