Azken ordukoa

Gizon bat hil da Artikutzan, zuhaitzak mozten ari zela

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 7a, 13:16

Oiartzungo aldean izan da istripua, Berdabio baserriaren inguruan, baina bertara joan dira Goizuetako suhiltzaileak ere, abixua jaso bezala: «ezin izan dugu deus egin», azaldu dute.

Gizon bat hil da gaur goizean, Artikutzan, zuhaitzak mozten ari zela, zuhaitzetako bat gainera erori ondoren. Goizeko 09:00ak aldera jaso dute abixua, eta bertara abiatu dira ertzain, suhiltzaile eta medikuak; baina, artatu duten arren, ezin izan dute haren bizitza salbatu. 50 urteko oiartzuarra da hildakoa.

Oiartzungo aldean izan da istripua, Berdabio baserriaren parean. Baina Goizuetako suhiltzaileek ere jaso dute abixua, eta berehala abiatu dira bertara. «Gipuzkoako suhiltzaileek eta anbulantziek ezin zuten bertara sartu, bidea oso itxia zegoelako; eta garbitzen aritu behar izan dute. Bitartean, Ertzaintzaren helikopteroa iritsi da bertara, eta Goizuetako aurreneko taldea ondoren», azaldu dute. Bigarren talde bat ere abiatu da segidan Goizuetatik, medikuntzako tresneria hartuta. «Baina bigarren taldea bidean zela, jakinarazi digute hil egin dela gizona».

Aurreneko taldea iritsi denerako, zuhaitzaren azpitik erdi libratua zuten gizona, harekin zeuden bi lagunek. «Baina ezin izan dugu deus egin. Medikuek ezin zuten bertara iritsi, eta kobertura txarrarekin, komunikazioa ere oso zaila izan da».

Ertzaintzaren helikopteroak eraman du hildakoaren gorpua.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!