«Goizueta eta Arano herri zaintzaileak dira, zaintza lanak eta tratu onak dituzte oinarri, eta hori islatu nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 7a, 00:00

'Zaintza pandemia garaian' ekintza abian jarri da Arano eta Goizuetan, eta hainbat egiteko zehaztu dituzte; tartean daude argazki lehiaketa eta Xalto eskolako ikasleen artelanak. Proiektuari amaiera emanen dio klown emanaldiak eta erakusketak.

COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, martxotik gaur arte aldaketa ugari pairatu dira jendarteko maila eta eremu guztietan. Harremanak, lana, aisialdia, hezkuntza, komunikazioa, ekonomia, politika eta beste hainbat arlotan eragin du pandemiak, «eta badirudi epe luzerako eragina izango duela», aipatu du Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak. Horregatik, aranoar eta goizuetarrentzat Zaintza pandemia garaian ekimena jarri dute abian.  «Egoera oso ezegonkor eta aldakorra izanik, garbi dagoena da konfinamenduak eta orokorrean pandemiak bizitzaren sostengurako oinarrizkoa eta benetan garrantzitsua den hura argitara atera duela. Zaintza balorean jarri da eta arlo sozialean harremanetarako daukagun behar hori nabarmendu da», azaldu dute antolatzaileek. 
Zaintza eta tratu onei eman diete garrantzia. Izan ere, diote, Goizueta eta Arano beti izan direla «herri zaintzaileak». Gainera, diote, «zaindu eta zaintzaile paperak inoiz baino nabarmenagoak izan dira eta kontziliazioa, tratu onak, komunikazioa eta elkarbizitza bezelako hitzen indarra gure behar eta nahietan nozitu ditugu. Bizitzarako lehentasunak hortan oinarrituak dira».

«Zaintza eta tratu onak balorean jartzea», ekimeneko helburu nagusia
Bhutan proiektu garrantzitsua da Goizueta eta Aranorentzat eta XIIIgarren Gizarte Zerbitzuen Kalitate Saria irabazi zuen iaz.  Bhutan India eta Tibet artean kokatutako estatu burujabea da: «herri zaintzailea da eta Goizueta eta Arano horrelakoxeak dela uste dugu». Edonola ere, sariaz haratago, goraipatzen dena dira bi «herri zaintzaileen» balioak.

Pandemia garaian ez dira atzean geratu Goizueta eta Arano, eta Berdintasun eta Prebentzio Zerbitzutik hori ikusarazteko beharra sumatu dute. Hori dela eta, Zaintza pandemia garaian izeneko proiektua garatu dute,  Bhutan filosofiaren barnean. Proiektuak herri osoaren parte hartzea bultzatzen du. «Indar berezia hartzen du Xalto eskolako ikasleekin aurreikusitako lanak», azaldu dute.

Helburu nagusia da «zaintza eta tratu onak balorean jartzea, pandemia garaian zaintzak izan duen garrantziaren inguruko hausnarketa bultzatuz». Horretaz gain, beste hainbat helburu zehatz ere ezarri dituzte: herritarren parte hartze aktiboaren bidez, tratu onak eta bizitza osasungarria bultzatzea; norberak bere burua zainduz besteak zaintzearen ideia barneratzea; eta berdintasuna eta errespetua aldarrikatzea.

Argazki lehiaketa, martxan
Hainbat egiteko antolatu dituzte proiektuaren barruan, eta martxan dagoen argazki lehiaketa da horietako bat. Argazkiak lagatratuonak@gmail.com helbidera bidali beharko dira urriaren 22tik azaroaren 12ra bitarte, eta parte hartzaile bakoitzak bi argazki aurkezteko aukera izango du. Halaber, Xalto Eskolako umeek zaintza pandemia garaian unitate didaktikoa landuko dute zikloka, artelanak egingo dituzte gaiaren inguruan, eta ipuin-kontalaria izango due gaia lantzeko. Erakusketa eta klown ikuskizuna ere izango dute, ekimenari itxiera emateko.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!