«Sare sozialak oso baliagarriak izan daitezke, baina hauen erabileraren ondorioak jakin behar dira»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 7a, 00:00
Maider Likonak, Gisa Elkarteko arduraduak, emango du hitzaldia.

Internet eta sare sozialak erabiltzeak uzten duen arrastoaz mintzatuko dira bihar, goizeko 11:00etatik 13:00etara bitartean. Ganbaran izango da eta aurretik izena eman behar da. 

Maider Likona Gisa Elkarteko arduraduna da eta Sarean Euskaraz proiektuaren barruan, Pribatutasuna Sarean saioa es­­kainiko du gaur Goizuetan.  Gan­baran Are­to­an izanen da, eta sare sozialen erabileraren gaineko hitzaldia emanen du. Solasaldia goi­ze­ko 11:00etan hasiko da eta bi orduko iraupena izanen du, 13:00ak arte. Doakoa da, baina parte-hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea, www.sareaneuskaraz.eus webgunean. 

Zein da saioaren helburua?
Helburua da jendeak jakitea In­ter­netek nola funtzionatzen duen, eta horren erabileraren in­gu­ru­ko azalpena ematea. Nire plan­tea­mendua a­dibide batekin azaltzen dut beti: gu kaletik goa­ze­nean eta auto bat ikusten du­gu­ne­an, badaki­gu zama astu­ne­koa dela eta gainetik pasaz gero mina egingo digula; horregatik, ez gara autoaren aurrean jartzen. Hori denek dakigu eta oso barneratua dago. Hala ere, Internet erabiltzen dugunean ez dakigu zer arrasto uzten dugun zerbitzarietan. Ni informatikaria naiz, Wifia instalatzen dut eta zerbitzariekin egiten dut lan. Hori horrela, egoera errealekin azaldu nahi dut jendeak Internet erabiltzen duen bakoitzean arrastoa uzten duela, eta oso zaila dela hori ezabatzea. 
Hau esanda, helburua ez da sare sozialen alde onak eta txarrak azaltzea, baizik eta Internetaren erabileraren gaineko azalpena ematea. 

Nori dago zuzendua?
Batez ere nerabeei, baina interesa duen oro etor daiteke hi­tzaldira; formakuntza edonoren­tzat da egokia. Helduak ere etorri izan dira saiora eta ederki pasa dugu! Edonola ere, gehienbat gazteei dago  zuzendua haiek di­re­lako Internetaren erabilera haun­diena egiten dutenak. 

Zergatik sortu da horrelako saioak egiteko beharra?
Bi arrazoirengatik sortu da saio hau. Batetik, Sarean Euskaraz poriektuaren barruan dagoelako. Horren helburua da euskera sustatzea eta hainbat gai euskeraz lantzea. Izan ere, horrelako gaien inguruan ezinbestekoa da materiala, hitzaldiak eta informazioa euskeraz egotea. Normalean ingelesez edo erderaz egoten dira gaiak, eta euskeraren aldeko apustua egitea ezinbestekoa da. 

Eta bestetik, garrantzitsua de­la­ko internetaren eta sare sozialen erabileraren gaineko formakuntza izatea, eta norbera kontziente izatea erabiltzaileek ezabatzea oso zaila den arrastoa uzten dutela.  

Gisa Elkarteak antolatu du saioa. Zein da elkartearen lana?
Software librearen erabilera sustatzea dugu helburu jendartean ezagutzera emanez eta bere erabilpena zabaltzeko mota ezberdineko egitasmoak aurrera eramanez. Teknologia berrien erabileraren gainean informazioa eman eta laguntza eskaintzen dugu: ikastaroak, tailerrak, jardunaldiak, hitzaldiak eta abar. Jendeak gai honen inguruan izan dezakeen ignorantzia horri laguntza eskaintzen saiatzen gara. 

«Jendeak uste du bere argazkiak pribatuak direla, baina hori ez da horrela. Zerbitzarian gordeta gelditzen dira eta baliteke zerbitzari batetik bestera igarotzea»

Sare sozialek zer garrantzia dute informazioaren gizarte honetan? 
Aitortu beharra dut: nik ez ditut sare sozialak gehiegi erabiltzen. Egia da gauza on asko dituztela, jende berria ezagutzeko aukera ematen dutelako eta edozein momentutan munduko beste puntan dagoen erabiltzaile batekin hitz egiteko aukera ematen dutelako. Dena den, kontua ez dira sare sozialak; kontua da sare sozialak zertarako sortu dituzten. Horiek sortu dituztenen enpresen helburua da ahalik eta diru gehien irabaztea kontrol sozialaren bidez. 
Hori esanik, sare sozialak oso baliagarriak izan daitezkeela uste dut, betiere horien erabilera egokia egiten bada. Hala ere, berriro esango dut, sare sozialak sortu dituztenen xedea kontrol soziala lortzea da, eta hor dago gakoa. Jendeak hori ulertu behar du eta hori jakinda, beraien aukera da sare sozialak erabiltzen jarraitzea. 

Diote gaur egun informazioaren %97a digitalizatuta dagoela.  Egia al da hori?
Ez nago ados horrekin. Informazio mordoa Interneten dagoela egia da, noski. Hala ere, guztia ez dago digitalizatuta, inondik inora ere. Zure herriko udaletxera joanez gero eta 1900garren urteko plano bat eskatuz gero, digitalean edukiko dutela uste duzu? 1990garren urtean hasi ziren Autodeskean erregistratzen udaletxeetan egindako erreformen planoak, baina ordurarte egindako aldaketa guztiak artxibo batean egongo dira, eta ziurrenik digitalizatu gabe. Hori adibide huts bat da, baina esan bezala, datu mordoa digitalizatuta dago, baina 1960 urtetik atzerako informazio guztia ez dago Interneten. Zer esanik ez, liburutegietan dauden datu guztien informazioen digitalizazioaz. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak dirulaguntzak eman ditu eta martxan jarri ditu digitalizaziorako, baina oso zaila da informazio guzti-guztia Interneten eskuragarri egotea. Hortaz, bai, informazioa eskuragarri dago Interneten, baina dena ez. Liburutegian datu piloa dago eta ez dugu bertara jotzeko ohitura... Aintzat hartu beharreko kontua da hori. 

Zenbaterainoko garrantzia du sare sozialen erabilera egokiak?
Esan bezala, sare sozialak oso baliagarriak izan daitezke. Edonola ere, kontuan izan behar dugu hauek erabiltzen ditugun bakoitzean egiten dugun guztia erregistratuta dagoela eta ez dugula inolako pribatutasunik. Adibide bat jarriko dut: zure bikotekidearekin hitz egiten ari zara eta gauza intimoak esaten ari zarete elkarri. Zuk uste duzu hori ez duela inork ikusiko? Noski ezetz. Hasteko, ziurrenik Wifi sare batera konektatuta egongo zara eta beraz, informazio hori hor gordeta geldituko da eta edonork ikusi dezake. Are gehiago, agian, hortik 20 urtetara ere norbaitek ikusi ahal izango du zuk «pribatutasunean» egiten ari zinela uste zenuen hori. Hortaz, egoera horretaz kontziente izan behar dugu, eta sare sozialen erabileren ondorioak zeintzuk diren jakin behar dugu.

Zer baliabide mota eskainiko dira saioa?
Goizuetan egingo duguna hitzaldia izango da. Saio bakarrekoa izango da, eta ahalik eta dinamikoena izaten ahaleginduko gara. Umorea erabiltzea gustatzen zait, ni horrelakoxea naizelako! Adibideen bitartez azalduko da egoera nolakoa den. Entzuleei eskatuko diet Interneten bilaketa bat egiteko, eta besteek asmatu beharko dute ondokoak zer bilatu duen. Horrelako ariketak egingo ditugu. 

Saioak jarraipena izango du? 
Aipatu dudan moduan, saio bakarrekoa izango da. Dena den, gu beti gaude entzuleak laguntzeko prest eta aholkuak ematen ahalegintzen gara. Guregana jo dezakete posta elektroniko bidez, ala hitzaldian bertan ere edozein gauza galdetu dezakete eta zalantzak argitzen saiatuko gara.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!