Laster zabalduko dute zuntz optikoaren sarea, Goizuetan, herrian barrena. Baina horretarako, azkeneko lan batzuk egitea falta dute: bi zanja egin behar dituzte, bertatik kablea pasa ahal izateko.
Atzo hasi zituzten lan horiek, eta aste honetan zehar burutuko dituzte, Goizuetako Udalak aditzera eman duenez. Herriko bi gunetan eginen dituzte lanak: Txino auzoan, eta Kale Nagusian, Kotxoa etxearen inguruan. Hori horrela, bertako bizilagunei eskatu diete, kotxea ez aparkatzeko obren inguruan, lanak bukatu bitartean. Eta jakinarazi dute, era berean, bide mozketaren bat izan daitekela bertan, egun hauetan.
Goizuetako Udalak jakinarazi duenez, lan horien helburua da «zuntz optikoaren hedapena erraztu, eta telekomunikazio konexioa hobetzea».