Aimar Olaizolak norgehiagoka, etzi

inigo 2020ko urr. 31a, 00:00

Olaizola II eta Albisu, Altuna III eta Zabaletaren aurka arituko dira, arratsaldeko 17:15etatik aurrera.

Asteburuko kirol jardunaldi ge­hienak atzeratu edo bertan be­hera gelditu dira. Hala ere, ez da hori esku pelotari profesionalen kasua. Partidak jokatuko dituzte gaur eta etzi, eta Binakako txapelketan Olaizola II eta Albisu, Altuna III eta Zabaletaren aurka lehiatuko dira. Igandean izango da norgehiagoka, Bilbon, arratsaldeko 17:15etatik aurrera. 

Duela bi aste jokatu behar zuen goizuetarrak Binakako Txapelketako finala, baina bertan behera gelditu zen  Olaizola II-Urrutikoetxea eta Ezkurdia-Mar­tijaren arteko partida. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin ditu ELA sindikatuak Binakako Txapelketako finalaren inguruan eskatutako kautelazko neurriak.  Aimar Olaizola goizuetarrarentzat 26garren finala izango zen, baina besterik aurreratu ezean, momentuz ez da jokatuko final haundia.

Akordioa lortu dute EPELek eta pelotariek

Asteartean jakinarazi zuten akordioa lortu zutela Esku Pilota Enpresen Ligak, liga hori osatzen duten merkataritza-enpresek (ASPE Pilota eta Baiko Pilota) eta enpresa horietako EPEL lehiaketetan parte hartzen duten pelotariek. Grebalariek onartu egin zuten enpresen ligak egindako eskaintza, eta bertan behera utzi dute lanuztea. Lortutako akordioari esker, EPELek antolatutako esku pelota profesionaleko lehiaketei eragiten zien egungo gatazka eta blokeo egoera gainditzea lortu da.  «Albiste onak dira esku pelotarentzat eta, bereziki, pilotazaleentzat», adierazi dute EPELeko kideek. 

Baikok lortutako akordioa «txalotu» nahi izan du, eta ondorengoa gehitu nahi izan du: «grebak alferrikako kalteak eragin dizkie pilotazaleei, pilotariei beraiei eta gainerakoei, eta, oro har, txapelketari».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!