Udala

Goxalik datorren ostiralean zabalduko ditu ateak lau zerbitzurekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 31a, 00:00

Multzo-ekintza, joko-tailerrak, liburutegia eta eskola laguntza eskainiko dira haur, guraso eta gazteei bideratuta aforo mugatuarekin.

Goizuetako Goxalik datorren ostiralean, azaroaren 6an zabalduko ditu ateak eta lau zerbitzu eskainiko ditu: multzo-ekintza, joko-tailerrak, liburutegia eta eskola laguntza. Goizuetako Udalak, Gizarte Zerbitzuak, Xalto Eskolak eta Guraso Elkarteak antolatutako eskaintza da.

Goizuetako haur eta gazteei bideratutako gune honek aisialdi osasungarria, autonomia, sormena eta ardura bezalako baloreak bultzatzen ditu. Aurten, dena den, garai berrietara egokitutako neurriak hartu behar izan dira. Zerbitzuak dohakoa izaten jarraituko du, baina aforo mugatua egongo denez, galdetegi bidez izena eman beharko da:  https://forms.gle/Erdb4WtvD1HmKvSG7.

Eskola zikloko burbuilak mantenduko dira

Ludoteka, ordez, multzo ekintzak planteatu dira eta eskolako ziklokako burbuilak mantenduz planteatu da eskaintza. Ordutegia honakoa izanik: Astelehena 17:00 -18:00: LH 1 eta LH 2;  astelehena 18:00-19:00: LH 3 eta LH 4; ostirala 17:00-18:00: LH 5 eta LH 6; eta ostirala 18:00-19:00: DBH 1 eta DBH 2.

Joko tailerrak, Haur Hezkuntzako haurrei eta haien gurasoei bideratutako zerbitzua hilabeteko azken ostegunetan eskainiko da, arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara.

Liburutegiaren kasuan, Leitzako liburutegitik hilabetero liburuak ekarriko dira, Goxalin bertan irakurri ahal izateko. Maileguan eskatuz gero, ordea, liburutegi ibiltariaren zerbitzura jo beharko dute hilabeteko azken ostiraletan eskaintzen den zerbitzura joaz (14:30-15:30 Goizuetan eta 15:30-16:30 Aranon).

Goxaliko begirale arduraduna Amalur Narbarte izango da. «Goizuetar haur eta gazteak bertan parte hartzera animatu nahi ditugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!