Sarean Euskaraz egitasmoko doako ikastaroa izanen da larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 19a, 00:00

Goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara bitartean izanen da, Ganbara Aretoan. Saio bakarreko ikastaroa da eta izena eman behar da.

GISA elkarteko Maider Likona da Pribatutasuna Sarean ikastaroko zuzendaria, eta larunbat honetan, urriaren 24a, Goizuetan izanen da, bi orduko saio bakarrean. Nafarroako Gobernuak eta Euskarabideak elkarlanean antolatutako ikastaroa da, eta Goizuetako Udala laguntzaile lanetan aritu da ikastaroa aurrera eramateko. GISA elkartea burujabetasun teknologikoa bultzatzea helburu duen elkartea da, eta software librea, hardware librea eta sare libreak sustatzen dituzte. Horren gainean arituko dira larunbat goizean.

«Sare sozialak gero eta gehiago erabiltzen ditugu gure bizitzako alor guztietan: aisialdian, ikasketetan, lanean, harremanetan... Baina nolako arrastoa uzten dugu? Nork eskura dezake informazio hori? Nolako ondorioak izan ditzake? Eta etorkizunean?».  Galdera horiei erantzutera eta, batez ere, sare sozialak egoki erabiltzeko hainbat aholku aletzera bideratutako saioa da Goizuetan eskainiko dena.

Ganbara Aretoan eginen da ikastaroa, goizeko 11:00etatik 13:00etara bitartean. Interesa dutenek izena eman behar dute aurrez, ondorengo webgunean: www.sareaneuskaraz.com.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!