PURO RELAJO

«Aulkian eserita bada ere, maskarillarekin ere abestu daiteke... eta bikoteka dantzatzeko teknika bat dugu!»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 10a, 00:00

Puro Relajo taldeko kideak, Urbasan egindako argazki saio batean.

Igande honetan dute hurrengo emanaldia, Goizuetako eskolako frontoian, 12:00etan. «Goizuetarrak animatu nahi ditugu kontzertuan parte hartzera eta gurekin gozatzera».   

Arrakasta haundia ari da izaten Aibarreko Puro Relajo taldea. Rantxerak, mariatxiak eta euskal musika fusionatzen dituzte beraien kontzertuetan, eta bihar izango dira Goizuetako plazan «giro ona jartzeko prest», kontatu du David Garciak, taldeko baju-joleak. Eguerdiko 12:00etan eskainiko dute kontzertua eskolako frontoian, baina ateak 11:30etan irekiko dituzte.
Puro Relajo taldea urtero Aibarren egiten den afari batean sortu zen. Musika mexikanoa gustatzen zaion jendea joaten da bertara, afal ostean rantxerak eta mexikanak kantatzeko. David García eta Iosu García bixkiak ez ezik, taldeko gainerako musikariak ez  ziren aurretik ezagutzen. «60 edo 70 bat pertsona elkartzen dira bertan eta afari horretarako zazpigarren edizioan ezagutu ginen gaur egungo Puro Relajoko kideak. Instrumentuak jotzen egon ginen eta bertan zegoen Iosu Burguete,  tronpeta jolea. Bera jarri zen kontaktuan afari horretan ginen lau pertsonekin, eta hortik aurrera, harreamana egin eta taldea sortu genuen». 

«Kontzertu bakoitza ezberdina da guretzat» 
Plaza haunditan zein txikitan jotzen dute Aibarrekoek, baina beti «ilusio haundia» jartzen dute emanaldietan. «Hau da egitea gustatzen zaiguna, eta gozatu egiten dugu jendearekin». Hain justu, puro relajo esaera mexikarren erabiltzen da esateko «ondo pasatzen ari zarela edo dibertitzen ari zarela, momentuaz gozatzen... baina ez lanean», esan du Garcíak.
Euskal Herria osoan barrena ibiltzen dira, beraien musika erakusten. Plaza haundiak zein txikiak betetzen dituzte, eta jendea abesten jartzen dute, jotzen di­tuz­ten rantxera eta bertsio fu­sio­na­tue­kin. «Gogo bera jartzen dugu kontzertuetan, berdin digu herria txikia edo haundia den, eta taldearen ibilbidea oso ona ari da izaten. Orain, egoera dela eta, zertxobait geldirik egon behar izan gara eta kontzertu asko bertan behera gelditu behar izan dira... baina oso eskertuak gaude, zenbait kontzertu eskaini ditugulako eta oraindik ere gehiago programatuta ditugulako». 

«Aurten, kontzertua ematera goazen edozein herritara, inoiz baino gogo haundiagorekin joaten gara... oso eskertuta gaude»


Baina egoerak ez die galarazi umorea eta erritmoa galtzea. «Indarrez joaten gara kontzertuetara, jendea dantzan jartzeko prest. Orain, noski, ezin da zutik egon, baina aulkian eserita bada  ere, maskarillarekin abestu daiteke... eta bikoteka dantzatzeko teknika bat ere badugu!». Baina azken hori kontzertu bakoitzean azaltzen omen dute, esan du baju-joleak. Gainera, diote, kontzertu bakoitza «ezberdina» dela beraientzat. «Izan ere, emanaldi bakoitzean publikoko norbait ateratzen dugu eszenatoki gainera». Beraien helburua kontzertuetan jendeak parte hartzea da, eta horregatik dira emanaldiak ere, «bereziak».
Goizuetan jotzeko asmoa aspaldi sortu zen, Puro Relajorentzat. «Duela dezente jarri ziren gurekin harremanetan, baina egunak kointziditu ez zuelako edo beste arrazoirengatik ez genuen orain arte egitea lortu», kontatu dute. «Hala ere, oso pozik eta eskertuta gaude Goizuetak bertara joateko aukera eman digulako, egoera konplikatua den arren, kontzertua bertan behera utzi ez dutelako. Aurten goazen edozein herritara inoiz baino gogo haundiagorekin joaten gara; jendeak ondo pasatzea nahi dugu, gure abestiak kantatu eta aurtengo egoera arraro hau ahaztu dezaten, ordu eta erdi edo bi orduz, behintzat». 

«Folklore nahasketa», Puro Relajoren kontzertuetan
Mariatxien itxura du boskote nafarrak, baina beraien kontzertuetan rantxerak, mariatxien abestiak eta euskal musika nahasten dituzte. «Folkloreak nahasten ditugu eta oso gurea egiten dugu abestia. Mariatxien abesti klasikoak hartzen ditugu, Latino Amerikako estiloren bat nahastu, eta euskal abestien letrak ere nahasten ditugu, kontzertuan». Horregatik, berezia da eszenatoki gainean egiten dutena. Txoriak txori, Xalbadorren heriotza, edota Eperrak bezalako abestiak kantatzen dituzte: «gure instrumentalizazioarekin abesten ditugu eta oso ondo funtzionatzen du; jendeari asko gustatzen zaio». 
Zazpi diska ditu taldeak eta horietako bat, Puro Relajo canta al euskera (2016) euskera hutsean egin zuten. «Gainerako diskoetan abesti mexikarrak egiten ditugu, eta abesti bat edo bi euskeraz izaten da».

Etorkizuneko proiektuak, Nafarroako beste mariatxiekin 
Hainbat ideia ditu eskuartean Puro Relajo taldeak, etorkizun hurbilerako. «Nafarroako beste mariatxi batzuekin disko bat grabatuko dugu. Bakoitzarne abestiren bat grabatuko dugu eta produktua kaleratuko dugu, guztiek batera». Gainera, beraien zortzigarren diskoa ere martxan da. «Orain kontzertu asko ez ditugunez, gure denbora abesti berriak egiten ematen dugu, eta ideia eta proiektu berriak sortzen. Horri horrela, gure azken diskoa datorren urteko udaberrian ateratzea espero dugu; hori da gure ideia».    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!