'Bertsonautak' ganbaratik finaleko espaziora, giro ederrean

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 6a, 00:00
'Bertsonautak' kantuan, udaletxeko ganbaran. Argazkia: Igaratza Apezetxea

60 bat lagun elkartu ziren udaletxeko ganbaran, ostiralean, Bardoak txapelketaren finalerdiaz gozatzeko. Malerrekako taldea nagusitu zen.

Segurtasun tarteak errespetatuz eta aforo mugatuarekin, baina motiborik ez zuten falta izan goizuetarrek, joan den ostiralean, bertso saio ederraz gozatzeko. 60 bat lagun elkartu ziren udaletxeko ganbaran, Bardoak Nafarroako taldekako bertso txapelketarekin gozatzeko. Finalerako pasea zegoen jokoan, eta Malerrekako Bertsonautak izan ziren nagusi: udaletxeko ganbaratik, finaleko espaziora gi­datu zuten beraien ontzia, zuzen-zuzenean.

Giro ederrean jokatu zuten finalerdiko saioa, Bertsonautak taldeak eta Lesakako Arranopo­lak, ostiral arratsaldean. Joane­­ko sa­ioan, otsailean Anizen, Ma­lerrekakoak izan ziren nagusi; eta ia zazpi hilabeteko etenaldiaren ondoren, beste ho­rren­beste egin zuten bueltakoan. Horrela, finalerako pasea ziurtatu zuten, bertso saio ederrarekin, goizuetarren gozamenerako.

Estitxu Arozena aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta bertsotan honakoak: Alazne Untxalo, Egoitz Gorosterrazu eta Iker Gorosterrazu, Malerrekaren bandoan; eta Erika Lagoma, Eneko Fernandez, Etxahun Azkarraga eta Josu Sanjurjo, lesakarrekin.

Final haundian, Malerreka­koek parez pare izanen dute Leitzako Atekaberts komeni taldea, pandemiaren aurretik pasea ziurtatu zuena; eta baita Bortzirieta­ko beste talde bat ere. Izan ere, Berako Lamixe­nek lortu zuen finalerako pasea, bes­te semifinalean, ostiralean bertan Jauntsaratsen. Beratarrek ere, joanekoa bezala irabazi zu­ten bueltakoa ere, finalerako pasea ziurtatzeko, Aitor Elexpuru, Julen Zelaieta eta Patxi Castrillo kantuan zirela, Barañaingo Hego Haizearen aurrean: Ainara Ieregi, Ander Baiano, Endika Legarra, Iñigo Aranguren Pika eta Sahats Aleman aritu ziren, barañaindarren bandoan kantari. Ainhoa Larretxea izan zen gai-jar­tzaile lanetan.

Finala urriaren 17an jokatuko dute, Lizarran, arratsaldeko 17:00etan ikastolan. Eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude interneten, ber­tso­sarre­rak.eus web orrian, edota Li­za­rrako ikastolan bertan. Helduen sarrerak 12 euro dira, eta gazteenak 8 euro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!