Bardoak 2020, Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa bihar itzuliko da lehenengo finalerdiarekin eta Goizuetan bertan jokatuko da saioa. 18:30ean hasiko da udaletxeko ganbaran. Orain ia 7 hilabete, martxoan, eten zen txapelketa, finalaurreko eta finala jokatzear zirela, koronabirusaren pandemiaren eraginez. Orain, etenaldi luze honen ondoren jokatuko dira, bihar, bi finalaurrekoak, Goizuetan eta Jaunsaratsen. Han erabakiko dira pandemia aurretik sailkatutako Leitzako taldearekin batera ze beste bi talde izanen diren finalean. Finala urriaren 17an izanen da, Lizarran.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak, tokiko antolatzaileekin batera, konpromisoa hartu du pandemia egoerak eskatzen dituen segurtasun eta prebentzio neurri guztiak betetzeko. «Gauzak horrela, aforoak mugatu eginen dira, segurtasun tarteak mantenduko dira, aretoetara sartzeko eskuak garbitu beharko dira, eta musukoa ezinbestekoa izanen da, saio guztian zehar».
Lesakako 'Arranopola' eta Malerreka-Baztango 'Bertsonautak' aurrez-aurre
Goizuetan aurrez aurre izanen dira Lesakako Arranopola eta Malerreka-Baztango Bertsonautak taldeak. Joaneko saioan, otsailean Anizen egindakoan, bigarrenek eskuratu zuten garaipena, eta beraz, hanka bat dute finalean. Goizuetako saioko emaitzak argituko du ordea bietako zein sartzen den finalean.
Finala Lizarrako Ikastolan izanen da. Sarrerak aurrez salgai daude, Ikastolan bertan, eta baita www.bertsosarrerak.eus atarian. Saldu gabe geldituko balira, finalaren egunean bertan ere jarriko lirateke salgai.