Goizuetan trumoiak jotzen duenean, Ezponda bere zuloan mugitu den seinale omen...

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 26a, 00:00
Garai batean meategia zen zulotik kanpoaldera begira izango da Ezponda, bere kondena betetzeko zain.

Kondairak dio, bazela Ezponda izeneko gizon gaizto bat Goizuetan, eta hil ondorenean ere, bere arima agertzen zela, bere zaldiaren ferra-hotsaren soinuaren bitartez. Konjuroa egin, eta garai batean meategi izandako zulo batean sartu zuten, Mandoegi inguruan. Handik gertu izan zen Tomas Arribillaga apaizaren hilketa ere, oraindik argitu gabe dagoena. Bada ibilbide bat, paraje eder bezain misteriotsu horietan barrena.

Historiaz, istorioz eta kondairaz betetako tokiak dira mendiak. Eta horrelakorik ez dute falta, Urumea bailarakoek ere; zeresanik ez Mandoegiko tontorraren inguruetan. Handik gertu, Goizuetak Elduaien eta Berastegirekin muga egiten duen tokiaren ondoan, dago Ezpondako Zuloa, kondairaren arabera gizon gaizto baten arima gordetzen duena; eta inguru haietan gertatu zen Tomas Arribillaga apaizaren hilketa ere, misterio bat izaten jarraitzen duena. Beherago daude Añoneako eta Errekalekuko mairubaratz eta trikuharriak ere.

Ibilbidean ikusi daitezke Añoneako trikuharria, 5.000 urte inguru dituena; eta Errekalekuko mairubaratzak, Euskal Herriko multzo garrantzitsuenetakoa osatzen dutenak.

Bada ibilbide bat horiek guztiak lotzen dituena, Goizuetako Udalak bere ibilbide sarean jasotakoa. Marka hori eta urdinekin seinalizatuta, Goizuetatik Mandoegira igotzen da Alkasoaldea auztotik, eta zuzenago jaitsi beste aldetik, Tartazutik pasata. 15 kilometro inguruko ibilbidea da, eta desnibel haundi xamarra pilatzen duena, ia 900 metro gorantz, Mandoegiko tontorrera (1.045 metro) igotzeko.

Ezponda mugitzen ez denean joatea, hobe

Goizuetako Plazatik bertatik abiatzen da, eta han bertan bada kartel bat, udaletxearen ondoan, ibilbidea deskribatzen duena. Zubi haundia zeharkatu, eta eskuinaldera hartu behar da, hilerriaren eta Olaberriko ola zaharraren aztarnen ondotik pasata. Ola horretan egiten zituzten, garai batean, Espainiako Armadaren itsasontzien kroskoak babesteko kobre xaflak.

Olaberriko olaren aztarnak ikusi daitezke, ibilbidearen hasieran.

Bertan hartuko dugu mendi bidea, Alkasoaldea auzora bidean; eta bertan hasiko gara aldapa gora, ia etengabea izango dena Mandoegiko tontorreraino. Haritz baso zein pinudietan barrena egiten du gora bideak aurrena, eta bizkarrez bizkar dijoa gero, parajeaz gozatzeko aukera ematen duten ingurune irekietan; are eta gehiago egun argi eta eguzkitsuetan. Beraz, horretarako, Ezponda mugitzen ez denean joatea komeni; ekaitzak jotzen ez duenean, eta lainorik ez denean, alegia.

Trikuharri eta mairubaratzak, Añonean eta Errekalekun

Goizueta eta Aranoren arteko mugara gerturatzen garen heinean, ikusiko ditugu aurreneko monumentu megalitikoak, inguru hauetan oso ugariak. Basilioren borda pasa eta berehala, esaterako, ageri da Añoneako trikuharria, 5.000 urte ingururen ondoren oraindik ere ondo mantenduta dagoena. Lurperatze kolektiboak egiteko eraikitzen zituzten horiek. Añonen ibilbidetik atera eta eskuinaldera igotzen den bidea hartuta, Urgaratako gainera iritsi daiteke, eta bertan ere bada zer ikusia: makina bat mairubaratz daude bertan. Harriekin lurrean osatutako zirkuluak dira mairubaratzak, hildakoen errautsak gordetzeko erabiltzen zituztenak.

Urgarata gaineko mairubaratzetako bat, Mandoegi, Abadegurutz eta Leuneta atzean dituela. Multzo haundia ikusi daiteke bertan, Añonean ibilbidetik pixka bat aterata.

Añoneara bueltatuta, eta ibilbideari jarraituz, Errekalekuko lepoan ageri da beste mairubaratz multzo bat, Euskal Herriko garrantzitsuenetakoa. Diotenez, duela 2.600 urte eraiki zituzten horiek.

Errekalekutik gorantza zuzen eginda, Leuneta tontorrera igo daiteke, Arano eta Goizuetaren arteko muga-lerrotik hain justu. Tontorrean, Elduaienekin egiten dute muga bi herriek. Horiz eta urdinez markatutako ibilbideak, ordea, ezkerraldera egiten du pixkanaka, aldapa leunagotik, Besabitik Leitzalarreara dijoan goiko bidearekin bat egiteko. Bide horrek eramango gaitu Ezpondako zulora, eta Tomas Arribillaga apaiza hil zuten tokira, Abadegurutz tontorraren ondora, Mandoegira iritsi aurretik.

Garai bateko meategia, gizon gaiztoaren kartzela

Goiko bidea hartu eta gutxira iritsiko gara Illasoroko mugarrira, Goizueta, Elduaien eta Berastegiren arteko mugara. Eta pixka bat aurrerago dago Ezpondako zuloa, baina ez bidearen ondoan, Goizueta aldera ematen duen malkarrean baizik. Bidetik ez da erraz ikusten, baina nabari da meategietako harrien kolore berezia, baita urrutitik ere, adi begiratuz gero. Goiko bideak eskuinalderako joera hartu baino lehen, esaterako, aurrez aurre ikusi daitezke, bidea baino bost bat metro beherago. Ehiza postuak ere badira bertan, eta itxitura gainditzeko pasabideak ere bai. Bidexka batek eramaten du Ezpondako zulora.

Atari polita dauka Ezpondako zuloak, ezkerreko aldetik inguratuz gero. Goitik ikusita, zulo haundi bat da.

Meategi zaharreko aurreneko harriak ikusi ondoren, metro batzuk aurrera eginda aurkituko dugu zuloa. Goiko aldetik begiratuta, landarediak hartutako zulo haundi bat da, bost metro inguruko zabalera eta 30 bat metroko luzera daukana. Ezkerraldetik inguratzen hasita, ordea, ate moduko bat dauka zuloak, eta bertatik sartuta, ikusiko dugu kobazulo baten sarrera, zuloaren izkinetako batean. Bertan egongo da Ezpondaren arima preso, oraindik ere, kondairaren arabera.

Meategia zen garai batean, gaur egun Ezpondako zuloa bezala ezagutzen denez. Bertan sartu omen zuten, konjurua eginda, Goizuetako gizon gaizto baten arima, Peroeneako Ezpondarena.

XIX. mendeko kontua da, eta Goizuetako Peroenea etxean jaiotako Ezponda goizuetarra da protagonista. Oso gizon gaiztoa eta aberatsa omen zen, herriko agintaria, eta zaldi zuri baten gainean ibiltzen zen. Herritar guztiak ziren haren beldur. Hil zen gizon gaiztoa, baina bere arimak presente jarraitzen omen zuen, tarteka bere zaldiaren ferra-hotsaren bitartez agertzen baitzen. Laino ilun batean ezkutatuta ibiltzen omen ziren zaldia eta zalduna, ezkutatuta. Horregatik, konjurua egin zion Goizuetako apaizak: gurutzea hartuta, eraman zuten laino beltz hura Mandoegiko zulo hartara. Zuloaren aurrean, anega laurden bat liho-hazi hartu, eta zuloan bete beharreko kondena bota zion: «ale adina urterako!». Eta Ezpondak erantzun, «nik horiek ere beteko!».

Landarediak hartuta egon arren, ikusten da Ezpondaren kobazuloaren sarrera.

Ordutik zuloan omen dago Ezpondaren arima, eta Goizuetan, ekaitzak jotzen duenean, hala esaten dute gaur egun ere: «Hara! Ezponda mugitu duk orain ere!».

Hala jasotzen dute kontakizuna, Gertrudis Zubillagak eta Ceferino Etxegiak kontatu bezala, Juan Jose Zubiri eta Patziku Perurenaren Goizueta eta Aranoko hizkerak eta Juan Garmendiaren Beti ortodoxoak ez diren konjuruak liburuetan.

Tomas Arribillaga, Aranotik Leitzara bidean hil zuten apaiza

Ezpondako zulotik bide nagusira bueltatu, eta berehala iritsiko gara Baratzezarretako tontorrera (986 metro), XIX. mendeko beste gertaera baten ondorioz Abadegurutz edo Apaizengurutze izena ere hartu zuena. Izan ere, Aranotik Leitzarako bidean, tontorraren parean hil zuten Tomas Arribillaga Apezetxea leitzarra, Aranoko apaiza zena.

Baratzezarreta inguratzen duen bidean hil zuten apaiza. Hari eskainitako gurutzeak ematen dio izena orain, tontorrari.

1779ko urriaren 27ko ilunabarrean gertatu zen hori. Menditik egin ohi zuen apaizak Leitzatik Aranorako bidea, zaldi gainean; eta egun hartan, labankadaka hil zuten. Hilketa haren egileak eta motiboak, ordea, argitu gabe daude oraindik; baina badira hainbat azalpen eta kontakizun, gertatuaren inguruan. Horietako hiru dira, dirudienez, batzuen eta besteen kontaketetan indar gehien hartu zutenak, xehetasun batzuk gorabehera.

Horietako batek dio, karta jokoan irabazi zituen diruak berreskuratzeko asmoz hil zuela galtzaileak, eta Aranoko bizargina aipatzen dute egile bezala. Bigarren teoriaren arabera, kartetan ez, apaiza pilotan abila zela eta apustua jokatu zuela aipatzen da. Partidua berak irabazi, eta galtzaileak dirua kentzeko asmoz hil omen zuen. Eta hirugarrenak dio, neska bat haurdun utzi zuela apaizak, eta neskaren familiak hil zuela. Aranoko neska bat zela diote batzuek, Elduaiengoa besteek; neskaren aitak hil zuela aipatzen da kontaketa batzuetan, eta aldiz, neskaren bi anaiak izan zirela besteetan.

Apaiza nork eta zergatik hil zuen ez da argitu oraindik, baina badira hiru kontakizun nagusi: karta jokoan irabazi zuen dirua kentzeko hil zuela galtzaileak; pilota apustua jokatu eta partidua irabazita lortutakoa kentzeko izan zela; edo neska bat haurdun utzi zuela eta, neskaren familiak hil zuela.

Pilota apustuaren aukeran ere, bada kontakizun bat, Miel Ramon Zabaletarena, uztartzen dituena batzuek eta besteek kontatuak, eta baita Ezpondako zuloko kondaira ere. Honela jaso zuten Juan Jose Zubirik eta Patziku Perurenak, Goizueta eta Aranoko hizkerak liburuan, hitzez hitz eta bere hizkeran, Zabaletaren kontaketa:

Pellotarie omen zen, Leitzeko semea. Nola da or elizatik beraxeo etxe bat, Malexakenea esaten zaio, ta an yaioa omen zen apez ori. Pillotari bizkorra omen zen, oso bizkorra! Aranoko barbero, gizon aundi bet omen zen, ta ark etxen omen zeuken pillotarie, gobernun artue. An, nonbattetik entetuko zien Leitzen bazegoala pellotarie ta, «apezik ez dok biñipiñ onei irabaziko dionik! Eta ze in omen due? Apustue yokatu. Apustue yokatu due ta, Aranoko barbero orrek, ze in omen do? Zittun diru guzik yokatu! Asi omen die pellotan da, Leitzeko abadek aise irabazi partide! Pellotari ona izan bear zun oso, bizie ta azkarra. Gero, bazkaldute abittu omen die Leitzera mendiz, ordun ez baitzen ba komioik eta zaldiz ibiltzen omen zien; ta barbero orreri ze etorri zaio burure? Baita ill in bear dula leitzarra! Artu ditto aberek, launak izaan zittun, dudik eztena, ta or Urepelko ortan, Mugarri Urdiñe esaten dioan ortan, tiroz pasazak alajainkoa, abadea! Gero, etxera ba omen diztea, ta etxera baño len mendin «Erio» etorri omen zetzion iltzalle orreri: «Ai, ai, ai, Erio eldu zetziek!» eta lurrera gizona. Bestea il zun beño, bai berare. Barbero ori ikaragarrie emen zen gizona, ta gero bizkarren eraman bear launek! Artu emen due bizkarren da, ez kargan fiurik sumatzen! Ez emen zun bate kargik! Ordun omen zen oittera, frantziskanoan abittue yaztekoa difunturi. Yantzi emen zioan frantziskanon abittue, baño, gaben sekuleko ikararin eotten omen zien Aranoko errin denak. Ala etzegoala ba bizitzeik, eta konjuratu eiñ bearko zela. Nonbatte leizen bat billatu omen zuen, ta, alaxe ein omen zioan konjuroa. Apeza xarra emen zen bat, ta bestea gaztea, ta konjurioan yarri omen die, ta abittu ori kendu bear gizonari, ta mutillek ikarari gorrin! Xarrak ekitten omen zion, beño gaztek esaten omen zion: «Irekikoak iñen netikek aixe, beño beste onek ikatzen neok». Ala, nolabatte kendu omen zioan, ta erreu liñazi bota omen zezkioan gañera: «Orik añe urteko!»; «Nik orik aise beteko!». Majiñe bat liñazi izaan uen ba, beño «orik aixe beteko» esan omen zun, ta an sartue izaten omen da Aranoko barberoa. Ola kontatzen zuen lengo zarrak.

Edonola ere, hirugarren kontaketari, neska bat haurdun utzi izanari, ematen diote indarra Zubirik eta Perurenak, liburuan. Izan ere, Iruñeako Eliz Barrutiko Artxiboan galdetu omen zuten beraiek, hilketa harengatik; eta Jose Luis Salesek, artxiboko arduradunak, hala bota zien: «badirudi gona kontuak izan zirela». Kasu horri buruzko eskuizkribua Bixente Hernandorena apaizak eraman zuen Orreagara; eta eskuizkribu horren laburpena eman zien Hernandorenak berak, lekukoetako baten testigantza barne. Bertan dio, lekukoa Juan Bautista de Celaya Elduaiengo alkatearekin, Miguel de Lizarza zirujauarekin eta beste zenbaitekin joan zela Arribillaga hil zuten tokira, gorpua agertu zela jakin zutenean. Lurrean eserita aurkitu omen zuten apaizaren gorpua, begiak zabalik zituela. Zirujauak argitu zuen sei labankada jaso zituela sabelaldean, horietako hiru heriotza eragiteko modukoak. Hesteak agerian zituen, batzuk kanpora aterata ere bai, eta lau haragi puska lurrean, odol putzu baten ondoan. Gorpuaren alboan, kargatutako eskopeta bat omen zegoen, eta odolez zikindutako labana bat, hiltzaileak erabili zuena. Testigantza horretan nabarmentzen da, baita ere, eskuineko eskumuturrean errosario bat zeukala apaizak, eta ezkerrekoan, aldiz, soka batekin lotuta egon izanaren markak.

Tomas Arribillaga apaizaren oroimenez, gurutzea jarri zuten, hil zuten tokian.

Modu batera edo bestera gertatu, gurutzea jarri zuten Tomas Arribillagaren oroimenez, Baratzezarreta tontorra inguratzen duen bidean, hil zuten tokian hain justu. Horrela dio gurutzean dagoen plakak: «1779an hemen hil zuten Tomas Arribillaga Apezetxea apaiza, Leitzen 1739an jaioa. Goian bego». Apaizari eskainitako gurutze horrek eman zion tontorrari, gaur egun duen bigarren izena: Abadegurutz edo Apaizengurutze.

Mandoegi, ibilbideko punturik altuena

Apaiza hil zuten tokia atzean utzi, eta Mandoegi ingurura eramango gaitu bideak. Tontorra aurrez aurre daukagunean hartu beharko dugu ezkerreko bidea, gorantza egiten duena, ibilbideko punturik altuenera iristeko: 1.045 metro dauzka Mandoegik. Bertatik Goizueta ikusten ez den arren, inguruko parajeen panoramika zabala izango dugu, alde guztietara. Buzoi berezi bat ere ageri da tontorrean, Hernaniko Mendiriz Mendi elkarteak duela ia hiru hamarkada jarritakoa: burnizko pieza zirkularra da, barruan mendiko bi makil eta piolet bat dauzkana.

Inguruko parajeen panoramika zabala eskaintzen du Mandoegik, tontorretik. Bertan dago Hernaniko Mendiriz Mendi elkarteak jarritako buzoia ere.

Mandoegiko tontorretik Goizuetara, jaitsiera zuzena egiten du ibilbideak, Zalkuko larreetan barrena. Inguru horietan, 600 ardi, 300 behi eta 60 behor inguru bazkatzen direla nabarmentzen du ibilbidearen deskribapenak, eta Goizuetan dagoen ingururik garrantzitsuena dela abeltzaintzarako. Beherago, Tartazu auzotik, Domiña baserriaren ondotik eta Samarreneatik pasatzen da bidea, herrigunera iritsi aurretik. Bidean aurkitutakoen berri gehiago jakin nahi duenak, beharbada aurkituko du inor Goizuetako Plazan, kontatzeko gogotsu...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!