Ikastaroak

Gaur irekiko da Udal Ikastaroetan izena emateko epea, eta aukera zabala eskaini dute aurten Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 21a, 00:00

Irailaren 30a da izena emateko azken eguna, Udal bulegora joanda edo bertara deituta. Taldeak osatzeko gutxienez 8 pertsona beharko dira.

Goizuetako Udalak 2020-2021 ikasturterako aukera zabala eskaini du, Udal Ikastaroekin. Aurten pilates, jumpfit, total training, eskulanak eta musikoterapia izenen dira. Taldea ateratzeko gutxienez 8 pertsona beharko dira ikastaroan, eta pertsona gehiago apuntatuz gero, merkeago izanen da ikastaroa.

Guztira 57 saio izanen dituzte ikastaroek (eskulanak 30 eta musikoterapiak 10 saio). Eta musikoterapia kenduta, ikastaroak urritik maiatzera izanen dira. Ikastaro guztietan lehentasuna emanen zaie Goizuetan erroldatuta daudenei.

Pilatesa tonifikazio eta luzaketa ariketetan oinarritzen den metodoa da, eta barne giharrak indartzea eta jarrera egokitasun eta gorputz oreka mantentzea bilatzen du. Astearte eta ostegunetan eskainiko da ikastaro hau, 17:00etatik 18:00etara bitartean, dantzen lokalean. Bestalde, jumpfit ohe elastiko baten gainean musikaren erritmora egiten diren koreografia eta ariketez osatutako jarduera da. Hau ere astearte eta ostegunetan izanen da, 18:00etatik 19:00etara bitartean, dantzen lokalean.

Total training norberaren egoera fisikoa, oinarrizko indarra eta erresistentzia hobetzea helburutzat duen jarduera fisikoa da, tonifikazio ariketa ezberdinez osatua, eta material eta autokarga ezberdinekin egiten dena. Ikastaro hau astearte eta ostegunetan izanen da, 19:00etatik 20:00etara bitartean, dantzen lokalean. Eta azkenik, eskulanen ikastaroan mota ezberdinetako eskulanak  eginen dira, monitore  baten laguntzaz. Hau ostiraletan eginen da, 16:00etatik 19:00etara bitartean, ikastolan. Eta emakumeentzako musikoterapia astelehenetan izanen da urtarriletik martxora, 18:00etatik 20:00etara bitartean, dantzen lokalean.

Izena eman daiteke, gaurtik

Aipatutako edozein ikastaroetarako interesa duenak irailaren 30 arte eman dezake izena. Inskripzioa Udal bulegora joanda edo 948 514 006 telefono zenbakira deituta egin daiteke, eta informazioa ere bertan eskura daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!