Artikutza

Artikutzako ateak aurten ez dira irekiko bihar San Agustin egunez

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 27a, 00:00

Ez da festarik eta ekitaldirik antolatuko nahiz eta jendea oinez joan daitekeen eta 25 ibilgailuentzako baimena egon.

San Agustin Eguna bihar Artikutzan ospatzekoa zen, baina koronabirusa dela eta, Donostiako Udalak bertan behera utzi du ate irekien jardunaldia. Artikutzara autoarekin baimenik gabe sartu daitekeen egun bakarra da abuztuaren 28a, eta jendetza biltzen da urtero, jai giroa izaten baita: pelota partidak antolatzen dituzte, azoka izaten da eta erromeria doinuak entzuten dira. Aurten, ordea, COVID-19aren pandemia dela medio, eta jende pilaketak saihesteko bidean, udalak bertan behera utzi du ospakizuna.

Egun arrunta bezala funtzionatuko du Artikutzak

Oinez joan daiteke eta gehienez 25 ibilgailu sartu daitezke, urteko edozein egunetan bezala. Kotxez iristeko baimena eskatu beharko da ohikoa den bezala internet bidez. 

Hori bai, bertan ez du aurkituko ez ekitaldirik, ez posturik eta ezta festaren arrastorik ere. Donostiako Enrique Ramos zinegotziak ardura eskatu du eta arauak betetzea. «Artikutzan hamar udal langile daude eta beraien lana ez da ordena publikoa mantentzea. Beharrezkoa izango bada Nafarroako foru poliziari abisatuko zaio. Hala ere jendearen portaera onean konfidantza osoa dugu». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!