Fiestarik ez baina erosketa bonoak abuztu guztian zehar erabili daitezke Goizuetako dendetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 14a, 00:00

Bonoak erosi eta merkeagoa da erosketa.

20 euroren truke, herritarrek jaso zituzten 5 euroko bost bono, herriko komertzioetan erabiltzeko hilabete amaierara arte.

Amabirjin fiestak bertan behera geratu dira Goizuetan, baina herriaren jarduna ez da geratu. Herriak bizi jarraitzen du eta oraindik eta biziago bertan erosten badira produktuak. Honela, Goizuetako Udalak ere jarri zuen martxan herriko komertzioari laguntzeko deskontu bonoen sistema, pasa den uztailean eta oraindik ere abian dago.

Herritarrek 5 euroko bost bono jaso zituzten (25 euro guztira), 20 euro ordainduta. Guztira, 300 bono sor­ta banatu ziren uztaila eta abuztuan zehar erabiltzeko.

Goizuetan erroldatuta daudenek bakarrik izan dute bonoak es­ku­ratzeko aukera, eta 16 urte­tik gorakoek soilik. Herritar bakoitzak, bi bono sorta erosi ahal izan ditu gehienez. Hori bai, norberaren sorta eta beste hiru lagunena ere erosi dezake bakoitzak, betiere guztien nortasun agiria erakutsita eta haien datuak emanda.

Ondorengo komertzioetan era­­­­bili daitezke oraindik bono ho­riek: Zubidenda, Coviran, hara­te­gia, farmazia, estanko eta arropa den­da, Izkina, Mutu, Zubiondo, Oxe­guarda, Iskibi, eta Irati eta Kiribil ileapaindegiak.

 

«Herrian kontsumitzeko ohiturari eustea», helburua

Kanpaina honetan, 1.500 euroko inbertsioa egin du Udalak, berak jarriko baititu bono sorta bakoitzaren 5 euroak. Eta horrekin, gainera, lortuko da bonoen 7.500 euroak gelditzea herrian bertan.

Helburua da, «herriko komer­tzioetan kontsumitzeko ohitu­rari eutsi, eta konfinamen­du ga­raian ixtera behartuta egon diren komertzioei laguntzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!