Abuztuan, Amabirjin egunaren bueltan ospatzen dira Goizuetan fiestak, baina aurten Koronabirusaren eraginez ez da jairik izanen. Gainera, neurriak zorroztu egin dira eta abuztuaren 14tik 18ra Goizuetako taberna eta jatetxeek 00:00etan itxi beharko dituzte ateak.
Herriko festak modu ezberdinean antolatu dira aurten herri batzutan eta hainbat ekitaldi bertan-behera gelditu behar izan dira, pandemia egoeragatik, baina Goizuetan ez da ekitaldi bakarra ere antolatuko. Dena bertan behera geratu da «zentzuz eta elkar zainduz jokatzeko garaia da».
Behin bost egun horiek igarota Nafarroako Gobernuak ateratako azken nerriak jarraituko du indarrean. Hau da, azken asteetan COVID-19 kasuak pixkanaka igotzen ari direla ikusita, Goizuetako Udalak erabaki du Nafarroako Gobernuko Osasun Zuzendariak ezarritako neurriak aurrera eramatea. Horregatik, taberna, jatetxe, elkarte, pub eta aisialdi guneek gaueko 02:00 eta 06:00ak bitartean itxita egonen dira.
Bestalde, taberna eta elkarteetan mahai bakoitzean 10 lagun bildu daitezke, gehienez. Eta azkenik, kalean edo parkeetan debekatuta dago botiloi edo gisakoak 02:00 eta 06:00ak bitartean egitea. Eta ordutegi horretan ezinen dira 10 lagun baino gehiagoko taldeak elkartu.
Aurtengo fiesten faltan pasa diren urteetako uneak gogoratuko dituzte
«Egun hauetan zentzuz eta arduraz jokatu, eta 2021eko fiestetan berriz elkartuko gara» da Udalak zabaldu nahi duen mezua.
«Egun hauetan zentzuz eta arduraz jokatu, eta 2021eko fiestetan berriz elkartuko gara». Hori da ia bi minutuko bideo batean Goizuetako Udalak zabaldu duen mezua. Bertan, aurreko urteetako eta aspaldiko Amabirjin fiesten irudi zaharrak agertzen dira eta goizuetarrak hunkitu ditu.
Elkar zaintzeko garaia da eta fiestak egonen ez diren honetan irudi zaharrak eta ez hain zaharrak gogoratzeko une polita da.
Umeen eguna, gazteen eguna, 'desafiyuak', sagardo probaketa eta sardinak, zezenak, peñen eta ezkonduen eguna, txupinazoa eta topa, bakailo eguna, aurorak, dantzariak... momentu, bertsolariak, prozesioa, pilota partidak... bueltatuko dira bueltatu behar dutenean. Orain ez da fiestak egiteko momentua, baina bai begirada aurreko jaietan jartzekoa. Irudi zaharrak ikusi, gogoratu, hausnartu eta gozatu. Bertan, denborak gurean zer eragin duen ikusi daiteke, zenbat aldatu garen, zer ongi pasa genuen, errepikatzeko gogoarekin oraindik ere zer momentu onak pasatuko ditugun.
Noski, kanpotik etortzen direnei ere mezua zabaldu nahi zaie. «Orain arte bisitariak besoak zabalduta hartu ditugu, baina aurten Goizuetara ez joateko mezua zabaldu nahi da. Goizuetan ez dago fiestarik eta aurten elkar zaitzeko garaia da. 2021 urteko festetan elkartuko gara»