Unai Miranda-Alkatea

«Oso gogorra da, baina aurten jende pilaketak ekiditea da helburua, eta ez dugu deus antolatu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 14a, 00:00
Unai Miranda alkatea udaletxeko balkoian. Aurten ez du itxaferua botatzeko aukera izanen, fiestarik ez direlako ospatuko.

Erabaki «zaila» izan arren, arduraz jokatzea prioridadea dela azpimarratu du Unai Miranda alkateak. Horregatik suspenditu dira aurtengo fiestak. 

Amabirjin festak ez dira izango abuztuan. Erabateko erabakia izan zen jaiak bertan behera uztea?
Bai. Udaletxearena baino, ge­hienbat Jai Batzordearena izan zen fiestak bertan behera uztearen erabakia. Jai Batzordeak antolatzen ditu beti fiestak eta ho­rregatik, Udalaren eta bera­ien arteko erabakia izan zen. Oso erabaki gogorra eta zaila izan zen, baina ez genuen beste au­kerarik. Hori da momentu ho­netan egin behar genuena.

Zer diote herritarrek festarik gabe geratu direlako?
Denetarik dago, baina denek entenditzen dute egoera. Denek bizi zituzten hilabete horiek konfinamenduan eta badakite zein den egoera. Egoera berezia bizi dugula badakite, eta horregatik fiestak ez egitea normala dela pentsatzen dute. Gainera, Goizueta ez da leku bakarra fiestak egingo ez direnak; mundu osoan gertatu den zerbait da eta jendeak entenditu egiten du. Baina noski, atsegina ez da fiestak ez egitea. Guretzat, Udalarentzat, eta baita Jai Batzordearentzat ere oso gogorra izan da erabakia hartzea. Jendeak entenditzen badu ere, zaila da. Gainera, orain fiesta egunak hurbiltzen ari dira eta oraindik ere gogorragoa egiten zaigu.
Goizuetan fiestak ez egitea zaila da goizuetarrentzat eta baita beste herri batzuentzat ere. Ospatzen diren fetxengatik edo udan egiten direlako, erreferentzia dira hemengo fiestak. Uda amaieran izaten dira eta gero ikasturtea hasten da… jendeak erreferrentzia moduan hartzen ditu fiestak, eta aurten hori herritik kentzea oso gogorra izan da.

Plangintza alternatiboa egin dute goizuetarrek, ezta? 
Maiatza bukaeran jairik egingo ez zela erabaki genuen. Uda ezberdina izango zela begenekien eta fiestak bere horretan egingo ez zirela ere. Horregatik, zerbait egin nahi genuen. Baina oraindik deseskaladan geunden, ez dakit zein fasetan… Hala ere, egoerak ahalbidetzen bazuen, uda ezberdina egitea pentsatu genuen. Formatu txiki batean, ekintza kultural batzuk bultzatuko genituen. 
Eta horrela, uztaila hasieran ekintza pare bat egin genituen. Ikastolako estalpea ere horregatik egin genuen. Dama Beltzek bertan eman zuten ekitaldia, martxoan egitea aurreikusita zegoena. Hurrengo asterako gazte eta umeentzat antolatutako zinemaldia egingo genuen. Baina gero ikusi genuen egoera okertu zela, eta plangintza bertan behera uztea erabaki genuen. Deus ere ez genuen egingo. Horregatik, joan den astean ospatu zen Udakolore balkoi lehiaketa ez da fiesten alternatiba bat izan. Aurretik ere egin den zerbait da, edizio gehiago izan dituena. 
Plangintza alternatiborik ez da egin, eta fiestetan ez da egingo deus ere. Argi utzi nahi dut hori. Gogorra da, baina egoera honetan ulertu behar den zerbait da. 
Konfinamenduan eta hilabete guzti hauetan informazio asko iritsi da eta nahasmena ari da izaten. Gu informazioa ondo zabaltzen ahalegintzen gara, eta herritarrei mezu argiak ematen. Kasu honetan, mezu argia da fiesten fetxa hauetan ez dela deus ere egingo. Maiatzean Ikastolan egindako ekitaldi txiki hori egin  bagenuen ere, arriskua ikusita bertan behera utzi dugu dena. 

Bertan behera geditu den horrek nolako eragina izan du Goizuetan?
Ekonomikoki fiestarik ez izateak inpaktua izango du, dudarik gabe. Ez dakit datu zehatzik ematen, baina tabernarienzat kolpea izango da, fiestetan ematen zituzten afari eta bazkari guztiak ez dituztelako emango. Guraso elkartearentzat ere, presoen aldeko taldeak edo Gazte Asanbladak ere eragina nabarituko du, diru sarrera haundia direlako fiestak.
Galera hori leuntzeko neurriren bat hartu beharko dugu. Horregatik egin dugu bonoena, adibidez... herriko elkarte, komertzio eta ostalariei laguntzeko. Beraiekin elkartu eta konponbide bat ematen saiatuko gara, oso garrantzitsuak direlako herrian. Hauen biziraupena ahalbidetzeko neurriak hartuko ditugu, dudarik gabe. 

Koronabirus kasurik egon al da Goizuetan?
Hildako kasurik ez da izan, zorionez, baina kasu positibo bat izan da. Jada gaindiduta dago eta Goizuetan eman den bakarra izan da. 
Koronabirusak sortutako pandemiak alkatetza hasieran harrapatu zaitu… nola sentitu zara guzti hau gestionatzen?
Nahiko lan izan da, guztiontzat. Karguan hasi berriak ginen ia guztiok eta ez genuen inor aurretiko esperientziarekin. Denentzat berria izan da. Ikusi da nola hartutako zenabait erabaki gero moldatu egiten ditugun,  legeak uneoro aldatzen zirelako eta zaila izan delako aldaketa guztiez ohartzea. 
Hala ere, hasieratik saiatu gara herritarrari ahalik eta informazio garbiena eta ulergarriena ematen. GoizuetaInfo izeneko WhatsApp talde bat sortu genuen, difusio lanetarako. Oso ondo funtzionatu du. Filtro lanak egiten genituen, Goizuetari afektatzen zion informazioa eskuratzen. Gero, WhatsApp taldetik zabaltzen genuen.  Izan ere, lege edo dekretu asko ez ziren goizuetarrei zuzendutakoak eta nahasmenik ez egoteko, filtro lanak egitea erabaki genuen. Eta uste dut komunikazio aldetik funtzionatu duela eta lan haundia egin dugula. Jendeak asko eskertu du. Bi difusio talde ditugu, eta ia 300 herritar daude hauetan.

Zer neurri hartu zenituzten Udaletxean?
Hasiera batean nahiko deskolokatuta geunden. 10 bat egunez Udaletxea itxi genuen lehendabiziko momentutik. Bertako langileak hemen egon ziren lanean, baina herritarrei harreta eskaini gabe. Beraien artean ere segurtasun distantziak mantendu zituzten. Baina gero tele-lana egin genuen eta ekaina bukaera arte etxetik lanean egon dira. 
Udaletxetik kanpo  lan egiten duen langileak, kanpoko zerbitzua eramaten duenak, adibidez, lanean jarraitu zuen. Hala ere, lanean hasteko PCR testa egin egin genuen guztiek. 

Eta herritarrek, nola bizi dute Koronabirusa?
Informazio zehatzik ez dugu, baina denetarik egongo da. Batzuk ERTEn egon dira, beste batzuk beste era bateko baimenekin egon dira lanean, eta hasieratik lanean egon direnak ere egongo dira. Egia da hemen, Goizuetan, herritar asko kanpora joaten garela lanera. Nire beldurra da kanpora joan eta gaixotasuna herrira ekartzeko arriskua dagoela. Hala ere, ez dakit zorteagatik edo gauzak ongo egin ditugulako, baina zorionez kasu bakarra izan dugu.
Garrantzitsua da aipatzea alarma egoerak iraun duen bitartean, egoera zaila izan den honetatik zerbait oso ona atera dugula. Mugimendua oso mugatua zegoenez, bertan bizi ginenak hemen egon gara. Eta horrek suposatu du herrian bizi garen pertsonek eguneroko erosketak hemen egin ditugula, Goizuetan. Eta horrek bi gauza azaldu ditu, azpimarratu nahi ditudanak. Batetik, bertako komertzioak duen lana eta funtzioa, konturatu garelako oinarrizko beharrak  asetu daitezkeela kanpora atera gabe. Eta bestetik, eskertu nahi diegu bertako komertzioei egindako lana, hasieratik egon direlako herritarrei laguntzeko prest. Bertako komertzioek garrantzia haundia dute eta hortaz konturatu gara.

Kanpoko jendea guk beti beso zabalik hartuko dugu, baina momentu honetan ezinezkoa da, fiestetarako ez dugulako deus antolatu  

Bonoen kanpaina atera zenuten hemen ere, ezta?
Bai, herriko komertzioetan gastatzeko 1500 bono inguru atera genituen. Oso ongi atera zen, 3 ordutan saldu genituen bono guztiak. Helburua zen itxita egon diren bertako komertzioei laguntza ematea, irekita egon direnei eskerrak ematea, eta batez ere herritarrei adieraztea hemen badugula oinarrizko zerbitzuak asetzeko aukera. 

Nola bizi duzue Gipuzkoarekin mugan bizitzea? Goizuetar askok familia bertan izango zenuten eta ezinezkoa zen hasieran erkidegoz mugitzea.
Arazo bat izan da hori. Hasieran erkidego barruan mugitzeko aukera eman zuten, eta gu hemendik Tuterara joan gintezken arazorik gabe. Baina Hernanira, ordea, ezin ginen gerturatu. Badakit Aranoko kasuren bat, erosketak egitera Ereñotzura joan eta atzera egitera behartu zietena. 
Nolabait muga administratiboak nolako kaltea egiten duen erakutsi du koronabirusak, baita ere. Gure eguneroko harremanak errekak eramaten ditu, beti, eta gure errealitatea ere han dago. Baina administratiboki Nafarroan gaude, noski, eta nafarrak sentitzen gara. Baina egia da muga administratibo hauek batzuetan nahaste hauek sortzen dituela. 

Jaietara bueltatuta, festak ez dira baina jendea etorri da herrira, ezta?
Hasteko, bisitariak egun hauetan Goizuetara ez etortzera gonbidatuko nituzke, fiestarik ez delako izanen. Baina bai, udan nabaritu dugu jendea etorri dela. Txirrindulariak beti daude, baina larunbat edo igandetan sumatu dugu mugimendua, beste urtetan egon ez dena. Eta gu alde horretatik pozik gaude, guk ez dugulako nahi jendea ez etortzea, baina eskatzen duguna da jendeak arduraz jokatzea.   
Kanpoko jendea guk beti beso zabalik hartuko dugu, baina momentu honetan ezin ditugu hartu, fiestetarako ez dugulako deus antolatu. Jai Batzordeak lan egiten du fiestak antolatzeko eta programa ateratzeko. Jai egitarauaren helburua da herritarrentzat fiesta txukunak antolatzea, baina kanpotik jendea erakartzea ere bada helburua. 
Baina aurten helburua jende pilaketak ekiditea denez, ezinezkoa izan da deus egitea. Oso gogorra da, atzo aurreko urtetako fiestetako bideoa ikusi genuen eta asko unkitu nintzen. Eta gure artean komentatu genuen: horrela ospatzerik ez badago, zertarako egingo ditugu fiestak? Hurrengo urtean ahaleginduko gara jai potenteak prestatzen!

Oso erabaki zaila izan da, baina arduraz jokatu nahi dugu. Hurrengo urtean indartsuago bueltatuko gara!

Eta orain, orokorrean, zer giro dago Goizuetan? Nolako uda ari da izaten?
Uda desberdina da aurtengoa. Aste honetan fiestak izan behar ziren eta giro hori sumatzen da.  Baina foru araudia heldu da ordutegiak mugatzeko eta zenbait prebentzio neurri hartzeko. Eta hori bete behar dugu. Gaur bilera dugu ostalariekin, baita ere, honen inguruan hitz egiteko. Herritarrek badakite zer egin behar den: tabernak, elkarteak eta tankerakoek 00:00ak baino lehenago itxi beharko dute, 10 pertsona baino gehiago ezingo dira bildu mahaiean... ez da ezer arraroa, egoera honetan.

Udaletxean, zer proiektu edo ideia dituzue buruan datozen hilabeteotarako? 
Baditugu proiektuak martxan. Orain uraren abastezimenduarekin gaude. Ikaragarrizko fugak ditugu, eta hori konpontzea da dugun prioridadea. Hala ere, etorkizunera begira behin betiko konponbidea emateko obra potentea egin nahi dugu. Gero, errepidean zabaldu diren bost kurbak ere asfaltatzen ari dira, eta aste honetan bukatuko dute. Eta Tifanitxo gaztetxea birgaitzeko lanak ere amaitu dira, auzolanean. Edukiz betetzea da hurrengo pausoa. Oso kaxkar zegoen lehen eta orain egitura aldetik sendo dago. Beheko solairuak gaztetxea izaten jarraituko du, lehenengo soilaruan eragileentzako hiru bulego egin dira eta goiko solairua gazte asanbladarentzako lokala izango da, eta tailerrak eta eskulanak egiteko ere erabiliko da.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!