Goizuetako 57 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo Foruzainek, kalte-delitu baten ustezko egilea delakoan. Goizuetarrak baserria erre zuen lehenengo eta gero, furgonetari su eman zion. Zenbait testiguren esanetan, gizona herrian oihuka aritu zen, ikurriña eskuetan zuela. Gero, «herriko elizara ere sartu zen, ozenki amen behin eta berriro esanez».
Beranduago, alkilerrean bizi zen baserriari su eman zion eta ondoren, bere furgoneta ere erre zuen. Guztiz kiskalita gelditu ziren etxea eta autoa. Baserriko jabeak denuntzia jarri du, ustezko errudunaren aurka.
Gizonak eman zuen abisua
Foruzaingoaren esanetan, goizuetarra bera izan zen 112 telefono zenbakira deitu zuena. Baserria eta furgoneta erreko zituela esan zuen. Abisua eman eta Foruzainak Goizuetara bertaratu eta atxilotu egin zuten. Hauen esanetan, gizona nabarmen «asaldatuta eta urduri» topatu zuten. Iruñeako epaitegi batera bidali ziren diligentziak.