'Tokiko zura' sari berezia, Iberoko dorrea berreskuratzeko lanari

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 15a, 00:00
Joan den urtean bukatu zituzten Iberoko dorrea berritzeko lanak, kanpotik zein barrutik.

Egurtek Sarietan jaso du errekonozimendua, Jose Luis Franchezek dorrean egindako lanak. 2019ko hasieran bukatu zuten berritzen.

Erabat berritu dute Iberoko dorrea, azkeneko urteotan. Kanpotik bai, erorita zegoen teilatua berreraikita eta eraikina sendotuta; baina barrutik ere bai, itxuraberrituta. Joan den urtearen hasieran bukatu zituzten Ibero berreskuratzeko lanak, eta herritarrek bisita egin ahal izan zuten bertara. Orduan jaso zuten aurreneko errekonozimendua lanek, bisitarien eskutik. «Kanpotik ez du ematen, baina barrutik zoragarria da dorrea», zioen Unai Loiartek, Goizuetako alkate zenak.

Eta orain, beste errekonozimendu bat ere jaso dute berreskuratze lanek: Egurtek Sarietan, Tokiko zura-Basque Quality izeneko saria jaso du Jose Luis Franchezek, Iberoko lanagatik. Epaimahaiak honela deskribatu du lana: «Erdi Aroko dorrearen distira eta dotoretasuna berreskuratzen dituen eskuhartze bikaina, ondare arkitektonikoan».

Izan ere, 1360 urtearen inguruko dorrea da Ibero, defentsarako eraikitakoa. Garai hartan, Goizuetatik pasatzen zen komertzioa, Iruñeatik Pasaiara bidean adibidez.

Leitzako lurretan dago dorrea gaur egun, baina Goizuetako herrigunetik bi kilometrora.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!