«Leitzatik etorrita, errepidearen ezkerretara, Goizuetako aurreneko etxea zen Iriartenea, etxe haundia», ekarri du gogora Jose Javier Etxeberria historialari goizuetarrak. Hura baino lehen, orain frontoia den tokian, landa besterik ez zegoen. «Ezagutzen den Goizuetako aurreneko argazkian, 1905ekoan, oso ondo ikusten da Iriartenea, bere egurrezko balkoi luzearekin».
1555ean herria ia osorik erre zuen sutearen ondoren eraikitakoa zen etxe haundi hura; berriagoa da, ordea, gaur egun dagoena, bota eta berriro eraiki baitzuten 1950eko hamarkadaren bukaeran.
Hamaika eginkizunetarako eraikina izan ondoren, barrutik berritu dute orain, biziberritu nahian. Auzolanean jarriko diete errematea lan horiei, alarma egoerak uzten duenean.
Goizuetako bikarioaren etxea, 1637ko lehenengo erreferentzian
«1555 urtean, Goizueta erre ondoren, altxa zituzten gaur egungo etxe gehienak, eta horietako bat da Iriartenea», azaldu du Etxeberriak. Aurreneko erreferentzia idatzia, 1637koa du historialariak: «aipamena egiten zaio Iriartenea etxeari, eta dio, Goizuetako bikarioa bizi zela bertan, Don Martin de Valcarlos», azaldu du.
Hortik aurrera, eraikinaren pista galtzen da, 1905eko argazki horretara arte. «Landa garaitik aterata dago argazkia, Leitzako bidearen aldetik, eta aurreneko planoan ikusten da zein zen etxea, nahiko ondo».
Garai hartan, komertziante baten eskuetan izan zen Iriartenea: «XX. mendearen hasieran, bazen komertziante bat Goizuetan, Angel Loyarte. Orduan Donostiara komertziatzen zen asko, esnea, bildotsak... Eta herriko komertzioa ere berak kontrolatzen zuen. Ba Iriartenea, behitegi bezala zeukan berak», kontatu du historialariak.
Zinea eta eliza probisionala, elizaren esku egon zenean
Gerora, ordea, elizak erosi zuen eraikina, eta zentro parrokial bezala erabili zuten. Orduan etorri ziren aurreneko berritze lanak: 50eko hamarkadaren bukaeran, eraikina bota zuten, eta altxa zuten gaur egun dagoena, toki berean.
Etxeari, gainera, beste puska bat gehitu zioten orduan, eraikinaren atzeko aldean, baratza zen tokian: «eta hori izan zen Goizuetako zinea. 1959an bukatu zuten eraikin berria, eta orduan inauguratu zuten zinea. Sartzen zinen gaur egun dagoen eraikinetik, eta pasatzen zinen gehitu zioten beste puskara, zinera», gogoratu du Etxeberriak.
Hamar bat urtez funtzionatu zuen zineak: «bi apaiz arduratzen ziren horretaz, Don Eugenio eta Don Saturnino Mujika. Don Eugenio 1968an hil zen, eta urtebete beranduago Goizuetatik joan zen Don Saturnino. Eta orduan utzi zion zineak funtzionatzeari».
Beste funtzio bat ere bete zuen Iriarteneak, elizaren esku egon zen urte haietan: «garai hartan, obra haundi batzuk egin zituzten elizan, eta denbora batez, Iriarteneak egin zituen elizarenak. Meza ematen zen bertan, hiletak ere bai... Pare bat urtez izanen zen hori», azaldu du historialariak.
'Las Vegas Txikia', makina bat herritakoak dantzan elkartuta
Horren ondorengoa da, Tifanitxo izenaren kontua. 70eko hamarkadan, dantzaleku bezala erabili zen eraikina, beheko solairuan: «oso ondo funtzionatu zuen, igandeetan eta horrelakoetan. Oso famatua izan zen, anbiente ikaragarria izaten zen. Hernanitik, Oiartzundik... etortzen ziren hona dantza egitera. Garai hartan, Las Vegas Txikia ere deitzen zitzaion».
Tifanitxo izena, Donostiako dantzaleku ezagun bati zor dio, eta askok, izen horrekin ezagutzen dute, oraindik ere.
«Beste hamarkada batez funtzionatu zuen dantzaleku bezala», dio Etxeberriak. Eta gerora, gazteleku bezala erabiltzen hasi ziren, 1995ean, eta baita herriko jarduera batzuk egiteko ere.
«Zentro parrokialeko akzionista zirenen artean, gehienek utzi zuten, eta gelditu zena izan ziren zorrak, horrek ez baitzuen etekinik ematen. Orduan, Elkartasuna elkarteak ordaindu zituen zor haiek, eta bere esku geratu zen eraikina. Gaur egun Udalarena da, elkartea bera geratu zelako Udalaren esku», azaldu du historialariak.
Iriarteneara gerturatzen denak, ikusiko du 1959an altxa zuten eraikin hura, frontoiaren ondoan. Atzeko aldean ez du zinerik topatuko, puska hura bota egin baitzuten, eta aparkaleku bezala erabiltzen da gaur egun.
«Oso zaharkituta zeuden bi solairuak, eskailerak, instalazio elektrikoak...»
Eraikinaren barrura sartuta, berriz, itxuraberrituta ikusiko du. Izan ere, orain gutxi bukatu dituzte Iriartenea barrutik berritzeko lanak, auzolanean azkeneko errematea jartzeko faltan. «Duela lau urte berritu ziren hormak eta teilatua, baina oso zaharkituta zeuden bi solairuak, eskailerak, instalazio elektrikoak...», azaldu du Unai Miranda alkateak. «Lan hauekin, bi solairuak sendotu ditugu, hormigoiarekin; eskailera berriak jarri ditugu; eta instalazio elektriko guztia ere berritu dugu».
Duela lau urte eraikinaren oinarriak eta kanpoaldea sendotu ondoren, «barrukoa egokitu eta berritzea tokatu zaigu orain. Oraindik ez dugu lan hori bukatu, falta baitzaigu txukunketa lan horiek egitea, auzolanean», azaldu du alkateak.
Komun publikoa, herrian zegoen kezkari erantzunez
Barruko lanetan, lehenengo solairuko komuna ere berritu dute; «eta horrekin batera, aprobetxatu dugu beste komun bat jartzeko behean, kaletik sarbide zuzena duena, eta erabilera publikokoa izanen dena. Independiente geratzen da».
Hain justu, komun publiko bat jartzea zen udal gobernu talde berriaren helburuetako bat, sartu zenean: «urte pila batetan izan ditugu komun publikoak herrian, baina gero kendu egin ziren, eta ordutik ez ditugu eduki. Herritarren artean sumatzen zen kezka hori, eta obra honekin lortu dugu jartzea. Aurretik aukera ezberdinak landu izan dira, non eta nola egin. Udaletxean bertan ere izan zen proiektu bat, medikuaren kontsultarenean egiteko; gerora igogailuaren obrarekin batera egiteko aukera ere aztertu zen, baina bertan behera geratu zen azkenean. Eta obra honekin, ikusi genuen aukera geneukala horretarako».
Lau lokal aurreneko solairuan, eta beste bi bigarrenean
Berritze lanak bukatuta, erabilgarri izanen dira lau lokal aurreneko solairuan, eta beste bi bigarrenean, ganbaran. Aukera berriak sortuko dira, horrela: «erabiltzaile nagusia Gazte Asanblada izan da orain arte, baina Ezker Abertzaleak ere bazuen lokal bat bertan. Eta orain ere, lokal bana haientzat izango da. Obra egiten hasi ginenean, eragileen artean galdetu genuen inork lokalen bat nahi ote zuen, eta interesa azaldu zuten bik, GoizuKoop kooperatibak eta Basauntz ehiztari elkarteak. Beraz, lehenengo solairuan, haiek hartuko dute bana, eta Ezker Abertzaleak beste bat. Eta goiko solairuan, Gazte Asanbladak izango du bere lokala, eta bestea erabiliko da udaletxeak antolatzen dituen eskulan ikastaroak eta horrelakoak egiteko. Hortaz, geratuko da lokal bat aurreneko solairuan, momentuz ez daukana erabilera jakinik, baina aurrera begira, edozein bilera edo hitzaldi antolatzeko, egokia izan daiteke lokal hori».
157.697,55 euroko kostua izan dute obrek, eta diruz lagundu dute, 50.000 eurorekin, Nafarroako Gobernuak eta Feaderek (Europako Landa Garapenerako Funtsa).
Auzolanerako, «eskulana beti izanen da ongietorria»
Esan bezala, azkeneko lanak egiteko, auzolana deituko duela iragarri du Goizuetako Udalak. Horretarako, baina, zain daude egoerak noiz ahalbidetuko: «ez dakigu noiz jarri ahal izanen dugun martxan, horrekin gaude zalantzan». Azkeneko erremate batzuk eman eta margotzea da, egin beharrekoa: «egiteko falta dena da, pareta batzuk errematatu, eta ondoren margotzea. Badira lan batzuk, eskatzen dutenak eskarmentu pixka bat edukitzea; baina deialdia zabala eta irekia izanen da, lan batzuk edonork egiteko modukoak baitira. Eskulana beti izanen da ongietorria», dio Mirandak.
Alkateak azaldu du, bestalde, argiztapena Udalak hartuko duela bere gain. Eta altzariei dagokienez, erabilera publikorako izanen direnetan, Udalak jarriko ditu mahaiak eta aulkiak; ikastaroenean, adibidez. «Gainerakoetan, behin lokalak erabiltzen hasten direnean, erabilera ezberdinetarako izanen direnez, ikusi beharko da zein behar dauden, eta eragile bakoitzak eraman beharko ditu behar dituenak, horren arabera».
Aspalditik datorren prozesua izan da berritze lanena, eta prozesu horretan, harremanetan izan dira eragile ezberdinekin: «bilerak egin izan ditugu, obren gorabeherak azaltzeko eta hurrengo pausoak adosteko», azaldu du Unai Mirandak.
Gazte Asanbladaren etorkizunarekin, kezkatuta
Azkeneko hartu-eman horietan, ordea, «zalantza askorekin» ikusi du Gazte Asanblada alkateak, eta kezkatu egiten du horrek: «nahiko pesimista ikusi ditugu, Gazte Asanbladaren etorkizunari buruz hitz egiterakoan. Guretzako oso garrantzitsua da gazteak antolatuta egotea, eta espazio bat izatea horretarako. Esperantza badaukagu, obra honekin eta sortuko diren aukera berriekin, beraiek ere hasiko direla berriro mugimenduan», nabarmendu du.
Udalak garbi dauka, Gazte Asanbladak bere tokia izan behar duela Iriartenean: «goiko solairuan dagoen lokal bat beraiek erabiltzeko nahi zuten, eta beheko solairuko taberna, kontzertuetarako. Gainera, beraiek ez aurreikusi arren, tabernan ere egin dira konponketa batzuk. Oraindik ez dira bukatu horiek, auzolanean egingo ditugulako baita ere. Espero dezagun auzolanarekin eta berrikuntza lan hauekin, haiek ere motibatzea eta animatzea berriro».