Udala

Goizuetako Iriartenea eraikina «txukuntzeko», auzolanerako deia

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 16a, 00:00
Txukunduta daude Iriarteneako lan haundienak. Argazkia: Goizuetako Udala.

Iriartenea eraikineko barruko lan haundienak amaitu dituzte, eta hemendik aurrerako «txukunketak» auzolan bidez eginen dituzte.

Goizuetako Iriartenea eraikineko barruko lan haundienak amaitu dira, eta hemenedik aurrera, «egoerak hala baimentzen badu», auzolanean bukatu beharko dutela jakinarazi du Goizuetko Udalak, «txukundu eta margotu egin behar da oraindik».

1555eko eraikin hau, Tifanitxo edo Zentroa bezala ezagutzen dute askok, 1970etik aurrera beheko solairuan dantza egiten zelako. 1995etik aurrera, berriz, gaztetxe bezala egin da ezagun, izan ere, beheko solairua taberna eta lehen solairua «Gazte Asanbladaren elkargunea izan baita
urte luzez». Goizuetako Udalaren arabera, hemendik aurrera, herriko hainbat erabilek erabilera emateko moduan izanen da eraikina. Lau hormak eta teilatua berritu zuten duela lau urte, eta orain eraikina barrutik egokitzeko lanak egin zaizkio.

Udalak jakinarazi du, azken lan hauek 157.697,55 (BEZ barne) euroko kostua izan dutela, eta Nafar Gobernuak eta Feader-ek (Fondo Europeo de Desarrollo Rural. Europa invierte en zonas rurales) finantziatu dute, 50.000 euroko diru-laguntzarekin.

Lan hau aprobetxatuz, lehen pilotarien aldagela zen gela, «orain komun publikoa bihurtu dugu, aspalditik baitzetorren eskaera hau, herritarren aldetik».


Hemendik aurrera, auzolana

Beraz, hemendik aurrera, «azken lanak egitea faltako da». Argiteriaz, Goizuetako Udala arduratuko da, eta Covid-19ak sortutako egoera hau bukatzen denean, auzolana egingo da, hau da «margotu eta txukundu». Azkenik, eraikin honen erabilera publiko eta herritarrekin jarraitu ahal izateko modukoa izanen dela azpimarratu du Goizuetako Udalak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!