ESKU PILOTA

«Pilota gogor batzuekin aritu naiz garajean pixka bat, eskuak gehiegi ez biguntzeko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 2a, 00:00
Iker Salaberria, bere garajean prestatu duen gimnasioan entrenatzen.

Konfinamenduan bete du urte erdia profesional mailan, Iker Salaberria Orbegozo esku pelotari goizuetarrak. Gimnasio inprobisatua utzi, eta entrenamenduetara bueltatzeko gogoz dago.

Gaurtik aurrera, berriro ere izango duzue aukera entrenatzeko. Gogotsu, ezta?
Bai, etxean sartuta luze egiten da. Eta gure kasuan, kirola egitera ohituta, beti kanpoan, ez da erraza. Ea pixkanaka neurriak arintzen dijoazen, eta zer gertatzen den aurrerantzean. Gu ohituta gaude kotxea hartzera, entrenatzera eta lanera joateko. Beste pilotariekin egon, lankideekin... Eta arraroa egiten da.

Nolakoa izan da hilabete eta erdi hau, zuretzat? Nola aritu zara formari eusten?
Prestatzaileak bidali zizkidan taula batzuk, ariketekin, fisikoa egiteko. Garajean aritu naiz horiek egiten, gimnasio txiki bat montatuta: eliptika bat, TRXa, pesa batzuk... Gimnasiora ere ezin nuen joan, eta zerbait egin beharra neukan. Eta eskuak ere gehiegi ez biguntzeko, garajean bertan aritu naiz, pilota gogor batzuekin kolpe batzuk ematen. Azken batean, nahi gabe ere, eskuak pixka bat bigundu egiten dira. Baina saiatu gara, ahal den moduan forma mantentzen. 

Profesionaletan hasi berri tokatu zaizu, gainera. Buruaren aldetik, zaila izango da horrelako egoera bat eramaten. Nola daramakizu?
Ohituta zaudenean rutina bat eramaten, ez da erraza. Eta hauek momentu zailak dira baita ere, osasunaren aldetik eta ekonomikoki. Zentzu horretan, ezin gara kexatu, beste batzuen aldean. Baina psikologikoki gogorra egiten da, tristetu egiten zara pixka bat. Eguneroko motibazio hori galtzen duzu. Baina saiatu behar zara horrek ahalik eta gutxien afektatzen, eta egunerokotasuna ahalik eta ondoen eramaten.
Guztiok dakigu hau denbora baterako dela, pasatu beharreko zerbait. Baina inorri ez zaio gustatzen horrelako egoerak pasa beharra. Ni, gainera, hasi berritan harrapatu nau, ongi ari nintzenean, eta buruz burukoa hasteko prest.

Presio pixka bat sentitzen duzu, egoera honetan maila ez galtzearen aldetik?
Kezka puntu bat beti daukazu. Ez zara frontoian ibili, nola bueltatuko zaren ez dakizu... Baina egia da, aldi berean, denak berdintsu egongo garela. Ez da lesio batetik ateratzen zarenean bezala, zu bakarrik egon zarela geldirik. Uste dut denoi kostatuko zaigula pixka bat, erritmoa eta maila hartzen. Prestaketa horretara bideratu, eta lehengo mailara bueltatzen saiatu beharko dugu, ahalik eta azkarren.
Niri, egia esan, ez zait tokatu denbora luzez geldirik egotea, lesio batengatik. Denbora gutxikoak bai, eskuko minez astebete inguru geldirik egotekoak; baina hilabetetik gora, inoiz ez. Eta nire izaeragatik, beti etxetik kanpora eta mugitzen ibiltzen naizela, gogorra egiten zait.

Zer dakizue, bueltatzeari buruz? Zein aukera planteatzen dituzte enpresek? 
Maiatzaren erdialdean entrenamenduak frontoian hasteko asmoa daukagu, banaka eta txandaka. Kontu berria da oraindik, eman duten baimena, eta ez dakigu gauza askorik oraindik.

Eta txapelketen egutegia, hankaz gora geratuko da...
Bai, hala da. Binakakoan jardunaldi pare bat geratzen dira finalerako, eta banakakoa ere hor dago. Baina ez dakigu nola egongo garen, eskuak nola edukiko ditugun... Eta buruz buru aritzeko, prestaketa espezifikoa behar da, bi-hiru aste horretan buru-belarri. Banakakoren, aurreneko partiduaren data jarrita neukan; Logroñon, martxoaren 29an. Horretarako entrenatzen ari nintzen, eta orduan gelditu zen dena. Eta orain, ez dakigu zein egutegi izango dugun, zein txapelketa jokatuko diren... Ikusiko dugu zein plangintza ematen diguten, eta horren arabera ariko gara.

Urte erdi profesionaletan. Zer moduzkoa izan da?
Polita izan da. Disfrutatu egin dut, eta enpresak asko lagundu dit; ezin naiz kejatu, alde horretatik. Hasieran bai kosta zaitzaidala pixka bat: dena berria, maila ezberdina, erritmoa ere bai... Hasieran presaka aritzen nintzen, baina lasaitu naiz pixka bat, eta uste dut erritmora egokitu naizela. Promozioko Binakakoan, bigarren itzulia nahiko txukuna egin nuen, eta gustora geratu nintzen.

Debuta egin eta berehala ekin zenion binakakoari. Zer moduzkoa izan zen? 
Hasieran pixka bat kosta zitzaidan. Baina partiduak jokatu ahala, nire maila hobetzen joan nintzen, eta koxka bat gora egin nuen. Lehenengo itzulia nahiko txarra egin genuen, eta aurreneko sei partiduetatik bakarra irabazi genuen. Bai nik eta bai Beñat Garmendia bikoteak, arazo fisiko batzuk izan genituen tartean. Eta bigarrenean, partidu batzuk Xabier Tolosarekin jokatzea tokatu zitzaidan, Garmendiaren ordez; eta ondo aritu ginen. Azkeneko zortzi partiduetatik sei irabazi genituen; eta semifinaletara sartzetik gertu egon ginen.

Sailkatu zirenekin berdinduta geratu zineten, gainera.
Bai, zazpina garaipenekin ginen, gu eta Zabala-Ruiz; baina elkarren arteko partiduetan tanto bakarreko aldea izan zen beraien alde: 22-29 irabazi genien aurreneko itzulian, eta 18-22 galdu bigarrenean. Momentuan pena hartzen duzu, txapelketa luze batean tanto bakarragatik kanpoan geratzea gogorra delako. Gainera orduan ginen gure onenean. Goiko postuetan zeuden bi bikoteri irabazi genien, Agirre eta Eskiroz finalistei, eta Elordi eta Etxebarriari. Eta azkenean, detaile txiki batengatik geratu ginen kanpoan. Baina aurrera begiratu beharra dago.

Zertan nabaritu duzu aldea jokoan, afizionatu mailarekiko?
Jokoan erritmoa biziagoa da, eta ez dizute pentsatzen uzten zer egin behar duzun, nola jarri... Gero telebista eta hedabideak ere hor daude, beste presio mota bat da; baina orain arte nahiko ondo moldatu naiz presioa eramaten, eta horrek ez nau bereziki kezkatzen. Aldaketa haundiena erritmoa izan da.

Eta zure jokoa eta prestaketa, nola aldatu da? Zertan egin duzu hobera?
Orain fisikoa gehiago lantzen dut, astean bi edo hiru saio. Frontoian ere, prestatzaileak dauzkazu adi, gauzak hobetzeko, gantxoa, botea... Eskuineko eskuarekin pilotari altuera ematen hobeto sumatu naiz, eta gantxoetan abiadura gehiago ematen diodala ere bai. Nabaritu dut nire jokoa hobetzen nijoala.

Non eta norekin entrenatzen duzu, normalean?
Fisikoa entrenatzeko, Tolosan elkartzen gara, Jokin Etxaniz prestatzailearekin. Eta enpresako beste pilotariekin egoten naiz, Rezustarekin, Tolosarekin, Erostarberekin... Eta frontoian aritzeko, Tolosan edo Iruñean egiten ditugu saioak. 

Eta orain, profesionaletan, onartzen al dituzu aitaren gomendioak?
Aitak badaki asko laguntzen didala beti, eta bere edozein gomendio da onerako. Kontuan hartu behar dira, eta horietatik ikasi. Lehen bezalaxe hartzen ditut bere gomendioak.

Zer izan da gehien harritu zaituena profesional mailan? 
Gehien harritu, Irribarria, Ezkurdia eta Altuna bezalako pilotariek daukaten erritmoa, abiadura... Oso oso onak dira. Eta Zabaletak eta Rezustak pilotari ematen dioten abiadura ere harritzekoa da. 

Babesik ez duzu falta izan...
Ez dut babesik falta, ez. Joan naizen toki guztietan ikusi da, lagunak han egon direla: Bilbon, Labriten... Ezin naiz kexatu.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!